Itxi

Mundua

Hondamendi naturalak

Gutxienez 3 pertsona hil dira Filipinetan, Hagupit tifoiaren ondorioz

Erredakzioa

Gainera, 890.000 lagun etxetik atera dituzte eta haizeak 170 kilometro orduko abiadura hartu du.

0:22
Filipinas EITB

Gutxienez hiru pertsona hil eta beste 890.000 ebakuatu dituzte Filipinetan, Hagupit tifoiaren ondorioz. Haizeak 170 kilometro orduko abiadura hartu du eta haizeak uholdeak eta azpiegituratan kalte handiak eragin ditu.

Biktimetako bi, urtebeteko haurra eta 65 urteko gizonezkoa, hipotermiak jota hil dira eta, hirugarrena, haurdun zegoen 35 urteko emakumea, haurdunaldian izandako konplikazioen eraginez.

Haizearen abiadura 185 km/h-tik 140 km/h-ra jaitsi bada ere, tifoia motel ari da mugitzen eta euri asko egiten ari da herrialdean, zenbait tokitan uholdeak ere eraginez. Adituek ohartarazi dutenez, euriak luiziak eragin ditzake.

PAGASA Filipinetako Meteorologia Zerbitzuak lehen alerta maila ezarri zuen atzo Manilan, lauko eskalan mailarik baxuena.

Filipinetako hedabideek tifoiaren ondorioen inguruko informazioa jasotzen dute, tantaka, baina Gobernuak ez du ekaitzak eragindako kalteen gaineko txosten ofizialik argitaratu.

Sei aireportu itxita daude, eta herrialdeko barruko eta nazioarteko 183 hegaldi bertan behera utzi dituzte.

Jericho Petilla Energia ministroak berri eman duenez, Filipinak erdialdeko hainbat lurraldetan elektrizitaterik gabe gelditu dira eta litekeena da ekaitza igaroko den tokietan ere antzeko arazoak izatea.

Dinky Soliman Gizarte Ongizate eta Garapen ministroak iragarri duenez, bihar hasiko dira janaria eta giza laguntza banatzen Borongan herrian, Hagupit tifoiaren eragina jasan duen lehendabiziko herrietako batean.

NBEko iragarpenen arabera, hamar milioi herritarrek pairatuko dituzte tifoiak eragindako haize bortitzak, ekaitzak, uholdeak eta itsas-mailaren igoera, eta 30 milioi laguni eragingo die, modu batera edo bestera, hondamendi naturalak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena