Mundua -

Hegaldien atzerapena

Arazo tekniko batek kaosa eragin du Erresuma Batuko aireko espazioan

Aireko kontrol zentro batek izan duen arazo informatikoa dela eta hegaldiak atzeratu eta bertan behera utzi behar izan dituzte Ingalaterrako hegoaldean.

Londreseko aire eremua ia bi orduz egon da itxita

0:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aireko kontrol zentro batek izan duen arazo informatikoa dela eta hegaldiak atzeratu eta bertan behera utzi behar izan dituzte Ingalaterrako hegoaldean. Milaka bidaiariri eragin die matxura teknikoak. Ordubete baino gehiago lurreratzeak eta aireratzeak murriztu behar izan dituzte Londresen eta Ingalaterrako hegoaldean.

Swanwickeko (Ingalaterrako hegoaldea) kontrol zentroan arazo tekniko bat izan dela baieztatu du Erresuma Batuko Aire Trafikoaren Zerbitzu Nazionalak (NATS).

Hegaldiek “atzerapenak” izan dituztela esan du Heathrowko aireportuaren bozeramaile batek. Bozeramailearen hitzetan, NATSen “argindarrik gabe” geratu dira.

Swanwickeko “arazo teknikoa” konpondu dutela baieztatu du NATSek. “Sistema berrezarri dute eta ohiko operazioetara itzultzeko bidean gaude”, erantsi du.

Hegaldiek atzerapenak izan dituztela baieztatu dute Heathrowko eta Gatwickeko aireportuek. Swanwinckeko kontrol zentroan arazo informatiko bat izan dela azaldu dute.

“Egoera kudeatu ahal izateko” aireko espazioa “mugatu” behar izan dutela azaldu du aire trafikoko zerbitzuak agiri batean.

“Atzerapenengatik barkamena eskatzen dugu. Arazoak konpontzeko lantaldea bidali dugu eta egoera konpontzeko neurri guztiak hartu ditugu”, esan du NATSek.

Aireratzeak, bertan behera

Gatwickeko aireportuak, Londreseko hego-ekialdean, airean zeuden hegaldiek normaltasunez lur hartu dutela jakitera eman du. Hala ere, aireratzeak aldi baterako bertan behera utzi dituztela gaineratu du.

Stansted Londreseko hirugarren aireportuak azaldu duenez, “atera behar ziren hegaldiak lurrean zeuden”, nahiz eta “heltzen ziren hegazkinak onartu”.

Ingalaterrako iparraldean, matxura teknikoak arazorik sortu ez duela baieztatu du Manchestereko aireportuak.

“Londreseko kontrol zentroaren hegaldi datuen zerbitzarian arazo bat izan da eta ingeniariak lanean ari dira”, zehaztu du Eurocontrolek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua albisteak