Itxi

2014/12/30

08:39

Mundua

Hegazkin istripua

Indonesiako hegazkina amildu zen lekua topatu dute

Erredakzioa

Dagoeneko gorpu batzuk berreskuratu dituzte. Bihar biktima gehiago bilatzeko operazio "zabalagoa" egingo dute.

1:03
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Aurkitu dute igandean, Surabayatik Singapurrera bidean, Javako itsasoan desagertu zen AirAsiaren Airbus 320-200 hegazkina amildu zen leku zehatza, Joko Widodo Indonesiako presidenteak iragarri berri duenez. "Istripua izan zen lekua atzeman dugu. Azaldu duenez, "aire eta itsaso operazio zabalagoa" egingo dute bihar, hegazkinaren tripulazioa eta bidaiariak topatze aldera.

Erreskate taldeek hegazkinaren arrastoak aurkitu dituzte goizean, eta dagoeneko hiru gorpu berreskuratu dituzte. Komunikazio Ministerioak azaldu duenez, AirAsiaren logotipoa antzeman dute itsasoan aurkitutako hegazkin zatietan.

Hilotzez gain, maletak, salbamendu jakak eta AirAsiaren 320-200 Airbusarenak izan litezkeen beste objektu batzuk aurkitu dituzte.

Karimata itsasarteko uretan izan da aurkikuntza, Borneo eta Belitung irlen artean, bilaketa lanetan diharduten hegazkinen gotorleku den aireportu batetik gertu.

AirAsia aire-lineak Airbusen zihoazen 162 lagunen herritartasunaren berri eman du: 155 indonesiar, 3 hegokorear, britainiar bat eta Malaysiako, Singapurreko eta Frantziako beste lagun bana. Bidaiarien artean 16 ume eta hilabete gutxiko haurtxo bat daude.

AirAsia aire-linearen flotakoa da hegazkina, QZ8501 hegaldiari dagokio, PK-AXC erregistro-zenbakia du eta Surayaba hiritik bertako 05:20an aireratu zen; Singapurren bertako 08:30ean hartu behar zuen lur (00:30 GMT), Kompas egunkari indonesiarrari iturri ofizialek jakinarazi ziotenez.

Aireratu zenetik 40 minutura galdu dute kontaktua

Indonesiako Garraio Ministerioak azaldu du hegazkinarekin radarraren bidez zuten kontaktua aireratu zenetik 40 minutura galdu zutela. QZ8501 hegaldia Javako itsasoaren gainetik hegan egiten ari zen.

Indonesiako iturriek Reuters agentziari esan diotenez, aire-agintariek hegazkinari gorago hegan egiteko eskaria luzatu zioten, bertan zegoen hodei-geruza trinkoa saihesteko. Hegazkineko tripulazioak kontrol-dorreari norabidea aldatzeko eskatu zion, aurkako eguraldia zela eta.

Malaysiako hegazkinaren istripua, martxoan

Kuala Lumpurretik Pekinera zihoan hegazkin bat, Malaysia Airlinesekoa eta 239 lagun zeramatzana, 2014ko martxoaren 8an desagertu zen eta ez da horren gaineko arrastorik egon ordutik. Ikertzaileen iritziz, MH370 hegaldia bere norabidetik desbideratu zen eta Ozeano Barean jausi zen erregairik ez izateagatik.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;