Mundua -
Aire istripua
AirAsiako hegazkinak eztanda egin zuen, itsasora erori baino lehen
Indonesiako agintarien ustez, "presio aldaketa bat" izan zen leherketaren kausa.
Erredakzioa
Abenduaren 28an 162 pertsona zeramatzala istripua izan zuen AirAsia konpainiako hegazkina airean lehertu zen, itsasora erori baino lehen, S.B. Supriyadi Indonesiako Salbamendu eta Erreskate Agentziako Operazio zuzendariak azaldu duenez.
Hain zuzen ere, hegazkina "suntsitu" egin zen airean, Supriyadiren hitzetan. Eztandaren kausa "presio aldaketa bat" izan zela gaineratu du.
Indonesiako erreskate-taldeek hegazkinaren kutxa beltzetako bat berreskuratu dute gaur; hegaldiari buruzko datuak dituena.
Kutxa beltza Jakarta hiriburuan aztertuko dute. Gutxienez bi egun beharko dituzte adituek lehen datuak jasotzeko, baina informazio guztia aztertzeko bi aste beharko dituzte.
Kutxa horretan, abiadurari, altitudeari eta pisuari buruzko datuak daude jasota, eta hegazkinari zer gertatu zitzaion argitzea ahalbidetuko dute.
Beste kutxa beltza, pilotuen arteko solasaldiak grabatu zituena, ere topatu dute, eta hori berreskuratzeko lanetan ari dira.