Mundua -
Terrorismo jihadista
Segurtasuna areagotzeko, Armada erabiltzea proposatu du Belgikak
Bestalde, terrorismoaren aurkako operazioan atxilotutako 13 lagunetatik bosti delituak leporatu dizkietela jakinarazi du Belgikako Fiskaltza Federalak.
Erredakzioa
Atentatu terroristen jomuga izan daitezkeen toki konkretuetan segurtasuna indartzeko, Armadari zaintza misio bereziak egiteko eskatzea mahaigaineratu du gaur Belgikako Gobernuak.
Erradikalismoaren eta terrorismoaren aurka borroka egiteko plana aurkeztu du gaur Exekutiboak, eta horretarako 12 ekimen zerrendatu ditu. Poliziaren kontra eraso egin nahi zuen ustezko zelula jihadista desegiteko operazioa egin zuten ostegunean, Belgikan.
?Terrorismoaren aurka kementsu eta ausart lan egiteko erabakia hartu dugu?, adierazi du Charles Michel Belgikako lehen ministroak egitasmoaren aurkezpenean.
Michelek azaldu duenez, Armadak Poliziari lagunduko dio ?herriaren babesa eta segurtasuna bermatzeko?. 150 bat soldaduk parte hartuko lukete zaintza operazioetan.
Naziotasuna, nortasun-agiria eta pasaportea kentzeko aukera
Neurrien artean, terrorismoko susmagarriei naziotasuna kentzeko aukera onartu nahi du Belgikako Exekutiboak, baita nortasun-agiria edo pasaportea aldi baterako kentzea ere. Horrela, terrorismoko susmagarriei bidaiatzea eragotzi nahi diete.
Gainera, zigor kodean ?arau-hauste terrorista? barneratu nahi du Gobernuak, hau da, atzerrira helburu terroristekin bidaia egitea.
Bestalde, estatuburu eta gobernuburuen ?goi-bilera formala? otsailean egitea eskatu die Belgikako lehen ministroak Europar Batasuneko (EB) herrialdeei, terrorismoaren aurkako neurriak hartzeko.
Bost atxilotu, karguekin
Bestalde, terrorismoaren aurkako operazioan atxilotutako 13 lagunetatik bosti delituak leporatu dizkietela jakinarazi du Belgikako Fiskaltza Federalak.
Bost pertsona horietatik hiru epailearen esku utzi dituzte, eta ustez erakunde terrorista bateko ekintzetan parte hartu dute, Eric Van Der Sypt Fiskaltza Federaleko bozeramaileak baieztatu duenez.
Bost akusatuetatik bi baldintzapeko askatasunean utzi dituzte. Beste bi pertsona Frantzian atxilotu dituztela adierazi du bozeramaileak, baina xehetasun gehiagorik ez du eman.