Mundua -

Manifestazioak Argentinan

Nisman fiskalak bere buruaz beste egin zuela esan du Fernandezek

Manifestazioak eta elkarretaratzeak egin dituzte bart Argentinan. Jendetsuena Buenos Airesen egin dute, Etxe Arrosa presidentearen jauregiaren aurrean.

Nisman fiskalaren heriotza argitzeko eskatu dute argentinarrek

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Nisman fiskalak bere buruaz beste egin izana da Argentinako presidenteak aditzera eman duen hipotesi nagusia. 1994ko uztailaren 18an AMIA Argentinako Israeldarren Mutua Elkartearen aurkako atentatuan, ustez Iranek zerikusia izan zuela “estaltzea” leporatu zion iragan astean Alberto Nisman fiskalak Argentinako presidenteari. Atzo, hilik aurkitu zuten, buruan tiro bat zuela.

Argentinako presidentearen iritziz, auzi horretan “galdera gehiegi” erantzunik gabe daude oraindik. Facebooken argitaratutako eskutitz batean, Fernandezek esan du edozein pertsonaren heriotzak “mina” eragiten duela. “Suizidioak, gainera, harridura sortzen du eta, ondoren, galderak pizten ditu: zerk eraman dezake pertsona bat bere buruaz beste egitera?”, adierazi du.

Fiskalaren ustezko suizidio horren inguruan “harridura eta galdera” ugari daudela berretsi du. “Historia luzeegia da, astunegia, gogorregia eta, batez ere, oso iluna”. “Argentinan inoiz izan den atentatu terrorista handienaren tragedia da”, gaineratu du.

Bestalde, manifestazioak eta elkarretaratzeak egin dituzte bart Argentinan. Jendetsuena Buenos Airesen egin dute, Etxe Arrosa presidentearen jauregiaren aurrean.

Manifestariak haserre agertu dira, eta “justizia eta egia” eskatu diote Argentinako Gobernuari.

Ikerketaren ardura daraman fiskalak, bere aldetik, hipotesi guztiak zabalik dituela esan du, eragindako suizidioarena ere bai.

10 urte egin ditu Alberto Nismanek AMIA kasua, Argentinako Israeldarren Mutua Elkartearen aurkako atentatua, ikertzen. Erasoan 85 lagun hil ziren, eta, ikerketen arabera, Irango Gobernua zegoen atentatu horren atzean.

Ustezko egileak atxilotzeko ere eskatu zuten Argentinako agintariek, baina ordutik 20 urte igaro badira ere, oraindik ez dute inor atxilotu.

Gainera, orain dela bi urte, Cristina Fernandezen Gobernuak akordio bat sinatu zuen Irangoarekin. Nismanen esanetan, akordio horrekin Cristina Fernandezek estali egin zuen Iranen parte-hartzea. Horri buruzko azalpenak atzo bertan zen ematekoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea