Mundua -

Greziako hauteskundeak

Zer egingo ote du Syrizak agintea lortzen badu?

Ezker Erradikalaren Koalizioak leundu egin ditu bere proposamenak, boto-emaile gehiago erakartzeko eta Berlinek abiatutako beldur-kanpainari aurre egiteko.

Alexis Tsipras Syrizako burua. Argazkia: EFE
Alexis Tsipras Syrizako burua. Argazkia: EFE
Alexis Tsipras Syrizako burua. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inkesta guztiek Syrizari ematen diote garaipena Greziako hauteskundeetan. Emaitza horrek bertako aginte-oreka aldatzea ekarriko luke, azken hamarkadetan sozialdemokratak eta kontserbadoreak txandakatu baitira Gobernuan. Gainera, zorraren zati bat ez ordaintzen saiatuko litzatekeen lehen gobernua izango litzateke alderdi ezkertiarrarena.

Hona hemen egungo egoera ulertzeko eta Syrizaren balizko Gobernuak zer egingo lukeen ulertzeko gako batzuk:

Zergatik aurreratu dituzte hauteskundeak?

Abenduaren amaieran, Andonis Samaras kontserbadorearen Gobernuak ez zuen lortu Errepublikako presidente kargurako zuen hautagaia inposatzea. Hiru bozketa egin ondoren, lehen ministroak hauteskundeen data iragarri zuen, Ministro Kontseilua bildu gabe ere. "Herrialdeak ezin du gehiago itxaron", esan zuen orduan.

Zer da Syriza?

Ezker Erradikalaren Koalizioa (hala du izen ofiziala) 2004an sortu zuten, dozena bat alderdi sozialistak eta komunistak bat eginda. Gehienbat, azken urteetan izan du goraka behinena, krisi ekonomikoaren ondorioen eta troikak Greziari inposatutako baldintza gordinen ondorioz batik bat. Horra hor datuak: alderdiak botoen % 3 lortu zituen 2004ko hauteskundeetan; % 16,8, 2012an, eta igandean % 30 baino gehiago jasotzea aurreikusi dute inkestek. Gehiengo osoaren atarian geratuko da, beraz.

Nor da horren burua?

Alexis Tsipras da Syrizako burua 2007. urtetik. Ikur bihurtu da Greziako ezkerrean, baita Europa osokoan ere. Horren erakusle, 2014ko hauteskundeetan Europako Alderdi Ezkertiarraren hautagaia izan zela.

Greziako inoizko lehen ministro gazteena izango da, igandean boto-emaileek aukeratzen badute, 40 urte baititu.

Zeintzuk dira proposamenak?

Podemosek Espainian egin bezala, Syrizak leundu egin ditu bere proposamenak, ahalik eta hautesle gehiago erakartzeko eta Berlinek eta Bruselak abiatutako beldur-kanpainari aurre egiteko. Hori horrela, Tsiprasek dagoeneko ez du proposatzen zorra ez ordaintzea, kita partzial bat adostea baizik.

Beste proposamen polemiko batzuk ere hauteskunde programatik at geratu dira, hala nola bankuak eta sektore garrantzitsuenak nazionalizatzea.

Alderdiak, baina, besteak beste, neurri hauek babesten ditu oraindik: aberatsenei zergak igotzea eta langabezia-saria, gutxieneko soldata eta pentsioak handitzea.

Syrizaren programa ekonomikoak (Salonikako Programa) hiru ardatz ditu: krisiaren biktimen egoera arintzea, enplegua sortzea eta Estatua erreformatzea. 12.000 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak ekarriko lituzke.

Eupar Batasunetik at geratuko al da Grezia?

Aukera hori guztiz baztertuta dago, ez baitute nahi ez Europar Batasunak ez Syrizak berak.

Alderdi ezkertiarrak hauteskundeak irabaziko balitu, Grezia eurogunetik kanporatzea "halabeharrezkoa" izango litzatekeela uste du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, betiere Der Spiegel egunkariaren arabera. Dena dela, hauteskunde-kanpaina baldintzatzeko saiakera baino ez da hori, herrialdeari euroa kentzeko benetako asmoa baino gehiago. "Atzeraezina da Grezia eurogunean izatea", berretsi du Europako Batzordeak.

Nola adostuko du zorra berregituratzea?

Hauteskundeak irabaziko balitu, Syrizak uztaila arteko epea izango luke hartzekodunekin akordioa lortzeko. Hala egin ezean, herrialdeak likidezia arazo larriak izango ditu.

"Ez dugu alde bakarreko ekintzarik egin nahi, baina ez dugu gobernatuko une oro buruan pistola bat izanda", ohartarazi du Yannis Dragasakis Syrizako buru ekonomikoak.

Uztailean, Greziak 6.700 milioi euro itzuli beharko dizkio Europako Banku Zentralari. Alde guztiei komeni zaie akordioa lortzea, eta hori alde du Syrizak.

Noren babesa izango du?

Gehiengo osoa lortu ezean, hirugarren indar politikoak izango du hurrengo gobernuaren giltza. Testuinguru horretan, PASOK sozialdemokrata da hautagai nagusia, horren ospea krisi larrian murgilduta badago ere.

Egun ez dago batere argi zein izango den hirugarren alderdia (bigarrena Demokrazia Berria kontserbadorea izango dela dirudi), lehia estua baitute PASOKek, Urrezko Egunsentia neonaziak, To Potami zentro-ezkertiarrak eta KKE komunistak. Botoen % 5en bueltan daude denak.

PASOKek ez du argitu Syrizaren edo Demokrazia Berriaren alde egingo lukeen, baina kontserbadoreei babesa emango liekeela iradoki du Eva Kaili bozeramaileak: “Zentro-ezkertiarrak izanda, gure ideologiatik gertu daudenak izan beharko lirateke gure lehentasuna; alabaina, une kritikoetan, interes nazionalaren aldeko programa-akordioek dute lehentasuna”.

Syrizatik zehaztu dutenez, koalizio handia adosten saiatuko dira hauteskundeen ostean, eta Tsiprasek ez du baztertu PASOKekin egitea, 2010etik aurrera Gobernuak ezarritako murrizketa programen egilea izan zen arren.

To Potami izan liteke alderdi ezkertiarraren beste aliatu bat. Duela hamar hilabete eskas sortu zuen Stravros Theodorakis kazetariak, eta, Europako hauteskundeetan, botoen % 6,5 eskuratu zituen.

Zeintzuk izango dira erronkak?

Bigarren erreskatearen luzapena martxoan amaituko da, eta, hortik aurrera, diru arazoak izango ditu Greziako Gobernuak. Horregatik, hartzekodunekin negoziazioak abiatzea izango du lehen erronka Syrizaren balizko Gobernuak.

Abenduaren hasieran, Atenasek eta Bruselak erreskatea luzatzea hitzartu zuten. Horren ondorioz, troikak 1.800 milioi euro eman behar zizkion Greziari, eta, trukean, herrialdeak kaleratzeak doakoak izatea eta etxegabetzeen aurkako neurriak kentzea onartu behar zuen.

Orain, hauteskunde deialdiak kolokan utzi ditu negoziazioak. Gobernu berriak berriz abiatu beharko ditu, baina nekez onartuko lituzke Syrizak baldintza horiek.

Nazioarteko hedabideen arabera, troika Greziari sei hilabeteko luzapena ematea aztertzen ari da, negoziatzeko denbora gehiago izateko.

Bien bitartean, greziarrek krisiaren ondorioak pairatzen jarraitzen dute. Adierazle ekonomikoak gordinak dira, oso: zorra Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 175ekoa da; defizita, 3.640 milioi eurokoa, eta langabezia, % 26koa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea