Mundua -

Bi gobernuen arteko harremanak

Espainia eta Kuba: Gorabeherez jositako harreman berezia

Habanaren eta Madrilen arteko hartu-emanean denetarik izan da: tirabira politikoak, krisi diplomatikoak baina baita lankidetza sasoiak ere.

EIDER GARAKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1898an utzi zion Kubak Espainiako kolonia izateari, espainiarrek urte askoan ahaztuko ez zuten gerra galduta. Lau urte geroago, 1902an, harreman diplomatikoak berrhartu zituzten bi herrialdeek. Ordudanik, krisi diplomatikoak, tirabira politikoak, hartu-eman adeitsuen garaiak eta lankidetza sasoiak izan dira bien artean. Urte luzez ezkonduta daraman bikotea bailiran, maitasun uneak eta haserrealdiak izan dituzte Madrilek eta Habanak.

Hainbat faktorek eragin dute bi herrialdeen arteko harreman berezi hori. Batetik, sustrai bertsuak izatea. Independentzia lortu zuenetik, Espainiatik Latinoamerikara joandako milaka immigranteen hartzaile nagusienetakoa bihurtu zen Kuba. Kubatarren % 65ek jatorri espainiarra dute. Fidel eta Raul Castroren aita, berbarako, galiziarra zen. Espainiako Estatistika Institutuak 2014an emandako datuen arabera, 108.858 espainiar bizi dira Karibeko irla honetan, horietatik gehienek, 82.800k, berriki lortu dute Espainiako nazionalitatea, 2007an onartutako Memoria Historikoaren Legeari esker. Izan ere, lege horren arabera, "erbestearen ondorioz, nazionalitatea galdu zuten guraso eta aitita-amama espainiarrak zituen orok du Espainiako nazionalitatea izateko eskubidea". Hala, nazionalizazio prozesu guztia amaitzean 400.000 kubatar-espainiar izango direla uste du gobernu espainiarrak.

Bi herrialdeen arteko merkatu harremanek ere zeresan handia izan dute Habana eta Madrilen arteko erlazioan. Frankismo garaian ere, itun ekonomiko horri eutsi zieten politikoki muturrean zeuden bi herrialdeek. Kubarekin gehien komertzializatu duen Hegoaldeko estatua da Espainia. 2010eko datuen arabera, Kubako esportazioen % 5,6 jasotzen zituen Espainiak,Txinaren (% 25), Kanadaren ( % 23) eta Venezuelaren (% 10) ondotik. Inportazioei dagokienez, % 8,5 Espainiak hornitzen ditu: Kubako hirugarren herrialde inportatzailea da Espainia, Venezuela (% 35) eta Txina (% 12) bakarrik aurretik dituela.

Gaur egun, Espainiako esportazio eta atzerriko inbertsioen erakundearen arabera (gazteleraz, ICEX), 100 enpresa espainiar daude Kuban, gehienak turismo, garraio eta energia alorretan. Guztira, inbertsio metatua 1.800 milioi eurokoa da.

Gonzalez aroa, adeitsuena

Habanaren eta Madrilen arteko harremanak inoiz "goxoak"  izatekotan, Felipe Gonzalezen 14 urteko gobernupean izan ziren; 1986an buruzagi sozialistari Jose Marti Ordena, Kubako saririk garrantzitsuena emateraino, Gonzalezekin zuen "laguntasuna"ri esker, Eloy Gutierrez Menoyo disidentea askatu zuen Habanak

Izan zen, dena den, harremanaren goxoa garraztu zuen pasadizorik. 1990eko uztailean, bi herrialdeen artean izan den gertakaririk larrienetakoa jazo zen: Espainiako Habana zuen enbaxadaren oldarraldia. 18 kubatar eraikin espainiarrera sartu ziren, irlatik irteteko saiakera zoroan. Espainiako Gobernuak indar berezien agenteak bidali zituen Madriletik, ordezkaritza babestu aldera.

Aznar, soka tenkatuz

1996an Alderdi Popularrak irabazi zituen Espainiako hauteskundeak. Alternantziak Kubarekiko harremanak gaiztotzea ekarri zuen, halabeharrez. Orduko presidenteak, Jose Maria Aznarrek, irlan aldaketa politikoa eragiteko kanpaina gogor bati ekin zion. Hauteskundeak irabazi eta zortzi hilabetera, "Kubarekiko Jarrera Komuna" delakoa sustatu zuen Europar Batasunean, presidentetza Espainiaren esku zegoela baliatuta. Aznarrek proposatutakoa bere egin zuen Europako Batzordeak. Hala, "giza eskubideak errespetatu eta demokrazia anitz baterako trantsizioa egin ezean" Kubarekiko harreman diplomatiko eta politikoak ia etenda izan dira. Berriki, 2012an, Karibeko irlarekiko harremana hobetzearen alde egin du Bruselak.

Espainiako errege-erreginak, independentziaren urtemugan, Kubara egin beharreko lehen bidaia ofizialari ere betoa ezarri zion Aznarrek 1998an. Hori horrela, gaur gaurkoz, Espainiako estatuburua bisita ofizialean izan ez den Latinoamerikako herrialde bakarra da Kuba

Nolabaiteko barealdiaren ostean, 2003an agerian geratu ziren berriz bi gobernuen arteko tirabirak. Kubako erregimenaren kontra Madrilen egindako manifestazioei babesa eman zien Alderdi Popularrak. Fidel Castrok agudo erantzun zion Espainiari. Telebistaz eskainitako hitzaldi batean, "bibotedun Führertxoa" deitu zion Aznarri eta "ideologia faxista" edukitzea egotzi. Telebistako agerraldia amaituta, Espainiako enbaxadaren aurrean egindako protesta jendetsu baten buru izan zen buruzagi kubatarra. Ika-miken ondorioz, Espainiak irlan zuen Kultura Gunea ere itxi zuen Castrok.

Zapatero, lasaiago Handik urtebetera, bi herrialdeen artekoa baretzean lagunduko zuen aldaketa jazo zen. Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialistak irabazi zituen 2004ko hauteskundeak. Espainiaren jarrera aldaketa hark Europar Batasuneko beste herrialde batzuk Kubarekin zuten hartu-emana hobetu zuen. Habanari ezarritako isunak arindu eta kendu zituzten zenbaitek. Fidelek boterea Raul anaiaren esku uzteak bi gobernuen arteko harremanak bultzatu zituen eta Miguel Angel Moratinos orduko Atzerri ministroaren lana samurtu zuen. Moratinos hiru aldiz izan zen Kuban eta hartu-emanen ondorioz, lankidetza proiektuak berrhartu eta hainbat preso politiko askatu zituzten. Aurreko garaietan bezala, honetan izan ziren gorabeherak. 2004an, erregimenaren disidenteekin biltzera joana zen Jorge Monagas PPko Atzerri Harremanetarako idazkaria irlatik bota zuen Kubak. Urtebete geroago, Espainiako enbaxadoreari azalpenak eskatu zizkion Habanak Jose Bono Defentsa ministroak Castro Pinochetekin alderatu zuelako. 2010ean, Luis Yañez eurodiputatu sozialistari Kubara sartzea debekatu izanagatik kexu agertu zen Espainiako Gobernua. Mariano Rajoyk hauteskundeak irabazi zituenetik, 2011tik, bi gobernuen arteko harremanetan ez da ez Aznarren garaiko ezikusirik izan. Dena dela, Oswaldo Paya disidentea zirkulazio istripuan hil zenean eta harekin zihoan Angel Carromero PPko Belaunaldi Berrien buruzagia atxilotu zutenean,  20121n, krisi latza izan zen Madril eta Habanaren artean. Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroa 2014ko azaroan izan da Karibeko irlan eta Raul Castrorekin biltzerik izan ez bazuen ere, "Espainiaren eta Kubaren arteko harremanak izan daitezkeen gertukoenak dira".

AEBk eta Kubak iragarritako hurbilketa "albiste itxaropentsua" dela agertu du Rajoyk. Ez da gutxiagorako, Habana eta Madrilen arteko harremanean bide berria suposa dezake, biek ala biek gogotsu eta irrikaz ibiliko dutena, ziurrena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy albisteak Espainiako Gobernua bideoak Espainia