Mundua -

Gobernu berria

Emakumerik gabeko Gobernua osatu du Alexis Tsiprasek

Greziako Gobernu berrian ez dago emakumezko ministrorik, eta, 20 ministroordeen artean, sei baino ez daude.

Greziako ministro berriek karguaren zina egin dute

1:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Gobernu berriak 10 Ministerio besterik ez ditu izango. Andonis Samaras aurreko presidentearen Exekutiboak hamazortzi ministerio zituen. Gaur bertan aurkeztu du Alexis Tsiprasek bere gobernuaren osaketa.

Yanis Dragasakis diputatu eta ekonomilariak Gobernuko Ekonomia saileko presidenteordetza hartu du. Hortaz, Europar Batzordearekin, Europako Banku Zentralarekin eta Nazioarteko Moneta Funtsarekin negoziatzeko arduraduna izango da.

Gai ekonomikoak jorratzen dituzten ministerioetako ekimenak gainbegiratu beharko ditu Dragasakisek.

Gaur bertan egin dute karguaren zina, erritu erlijiosoa egin nahi zutenetatik hasi, eta erriturik egin nahi ez zutenekin jarraituta. Hori horrela, Panos Kamenos Defentsa ministro berria, koalizioa osatzen duen alderdi kontserbadoreko kidea, izan da karguaren zina egiten lehena, eta ondoren egin dute zazpi ministro ordek, erritu erlijiosoarekin; eta Syrizako gainerako ministroek prozedura zibilaren aldeko hautua egin dute.

Syrizako ia ministro guztiak gorbatarik gabe joan dira ekitaldira, Tsiprasen Gobernuaren ezaugarrietako bat horixe baita.

Syrizaren Gobernu berriak ez du emakumezko ministrorik izango, eta sei emakume egongo dira 20 ministerioordetzatan.

Tsiprasek kargu gutxiko, baina izaera ekonomiko handiko Gobernu baten alde egin du, 10 ministeriotatik hiruk politika ekonomikoarekin zerikusia dutelako.

Gainera, Syrizako ordezkari garrantzitsuenak gai ekonomikoekin lotutako ministerioetan egongo dira.

Lau 'superministerio' sortuko ditu

Tsiprasek lau "superministerio" sortu ditu, orain arte sail ezberdinetan banatutako eskumenak batuz.

Lehenengoa Barne Ministerioa izango da. Horren baitan, Barne saila, Erreforma Administratiboa, Gobernu Elektronikoa, Ordena Publikoa, Herritarren Babesa eta Mazedonia eta Trazia izango dira.

Bigarren ministerioak Ekonomia, Azpiegiturak, Marina eta Turismo izena jasoko du. Bere eskumeen artean, Sustapena, Lehiakortasuna, Marina, Turismoa, Azpiegiturak, Garraioak edota Sareak, besteak beste.

Hirugarren sail potoloa Berreraikuntza Produktiboa, Ingurugiro eta Energiari dagokiona izango da. Ingurugiroa, Energia eta Aldaketa Klimatikoa, batetik, eta Elikadura eta Landa Garapena, bestetik, kudeatuko ditu.

Laugarren ministerio handiak Kultura, Kirola, Hezkuntza eta Erlijio-Gaiak bilduko ditu. Gainerako sei ministerioek orain arteko eskumen berdinak izango dituzte.

Panos Kammenos Greziar Independenteen ordezkaria, Tsiprasen Gobernuari babesa eman dion alderdiko kideak, Defentsa ministro izendatu du Alexis Tsiprasek.

Bestalde, Tsiprasek aurreneko bisita jasoko du ostegun honetan bertan: Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentea Greziara joango da egun horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea