Mundua -

300 egun

Boko Haramek bahitutako neskatoak ez ahazteko deia egin du Malalak

Nigerian bahitutako neskatoak askatzeko 'askoz ere gehiago' egiteko eskatu dio Bakearen Nobel saridunak nazioarteko komunitateari.

Malala Yousafzai. Artxiboko irudia: EFE
Malala Yousafzai. Artxiboko irudia: EFE
Malala Yousafzai. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boko Haramek duela 300 egun bahitu zituen neskatoen bahiketa ez ahazteko deia egin dio Malala Youstafani ekintzaile pakistandar eta Bakearen Nobel saridunak nazioarteko komunitateari. Gainera, Nigerian bahitutako neskatoak askatzeko "askoz ere gehiago" egiteko eskatu du.

"Neskato hauek gizon boteretsuen alabak balira, askoz ere gehiago egingo zen horiek askatzeko; baina, Nigeria iparraldeko lurralde txiro batekoak dira eta, zoritxarrez, horien egoera gutxi aldatu da bahitu egin zituztenetik", deitoratu du gazte pakistandarrak.

Malalak azpimarratu duenez, "gazte horiek guztia jarri zuten arriskuan, askok bermatutzat ematen duten hezkuntza lortzeko". "Ez ditut nire ahizpak inoiz ahaztuko", adierazi du ekintzaile pakistandarrak; izan ere, eskolatik etxera zihoala larri zauritu zen talibanek egindako eraso batean.

Bakearen Nobel saridunak hizpide izan ditu baita Nigeriako hauteskundeen atzerapena ere. Horren esanetan, hauteskunde kanpainan murgilduta dauden politikariek enpatia erakusteaz gain, "tragedia honekiko erantzukizun apur bat" ere onartu beharko lukete.

"Nigeriako agintariek elkarrekin lan egin behar dute eta Chibokeko neskatoen auziari lehentasuna eman behar diote, baita haur nigeriarren hezkuntzari ere", azpimarratu du Malalak Time egunkariak berri eman duenez.

Nigeriak presidentetzarako hauteskundeak atzeratu ditu

Nigeriako Hauteskunde-Batzorde Independenteak (INEC) presidentetzarako hauteskundeak atzeratuko ditu, ezin duelako hautesleen eta hauteskunde-langileen segurtasuna bermatu.

Hauteskundeak datorren otsailaren 14an egitekoak ziren, baina azkenean martxoaren 28an egingo dituzte. Halaber, estatu-hauteskundeak apirilaren 11n izango dira.

Attahiru Jega hauteskunde-erakunde horren presidenteak goizalde honetan iragarri duenez, erabaki hura hartu dute Nigeriako iparraldeak bizi duen indarkeria-egoeragatik. Inguru horren zatirik handiena mendean hartu du Boko Haram talde jihadistak, eta atentatuak izaten dira egunero.

"Segurtasun Nazionalerako Kontseilariak eta segurtasun nagusiek esan digutenez, gutxienez 6 aste behar izango dituzte matxinoen aurka segurtasun-operazio handia martxan jartzeko, bestela ezin izango dute Poliziari lagundu", esan du Jegak telebistan egindako agerraldi batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea