Mundua -
Astelehen honetan
Tsipras 'itxaropentsu' joango da gaur Eurotaldeko bilerara
Lehen ministro greziarra Ekonomia ministroekin batzartuko da zorra negoziatzeko. "Hemendik sei hilabetera Grezia herrialde oso desberdina izango da", hitzeman du.
Erredakzioa
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa "itxaropentsu" joango da gaur euroguneko Ekonomia ministroekin izango den bilerara. Tsiprasek Greziako zorra negoziatuko du haiekin, eta haren planak garatzen uzten badiote, hemendik sei hilabetera Grezia "oso herrialde desberdina" izango dela hitzeman du.
"Ez dugu dirurik behar, ez ditugu nahi premiazko mailegurik", esan du 'Stern' aldizkari alemaniarrari eskainitako elkarrizketan, "denbora behar dugu". "Guztiontzako ona den irtenbidea bilatuko dut: Grezia salbatzea eta Europaren zatiketa saihestea", iragarri du.
Lehen ministroak aurreratu duenez, "negoziazioak zailak izango dira, Alemaniarekin bereziki". Hala ere, adiskidetsu azaldu da Angela Merkel kantzilerrarekin (duela egun batzuk batzartu ziren), eta hainbat laudorio eskaini dizkio.
"Edukazio handiko emakumea iruditu zait, eta ez da espero nuen bezain zorrotza, komunikabideetan irakurritakoa kontuan hartuta", azpimarratu du Tsiprasek. "Politiko pragmatikoa da, eta ez du nahi Europaren etorkizuna arriskuan jarri", gaineratu du.