Mundua -

Venezuela

Konspirazioa eta legez kanpoko elkartzea egotzi diote Ledezmari

Caracaseko alkatea ostiral honetan atxilotu dute, Gomez Saleh eta Gabriel Valles gazteekin lotura duelakoan. Bi gazte hauek irailean atxilotu zituzten, iraultzaren aurka konspiratzea egotzita.

Antonio Ledezma Caracaseko alkatea. Argazkia: EFE
Antonio Ledezma Caracaseko alkatea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako Ministerio Publikoak jakitera eman duenez, "konspirazioa eta legez kanpoko elkartzea" leporatu dio Antonio Ledezma Caracaseko alkateari, ustez "konspirazio planetan" parte hartu izanagatik.

Ministerio Publikoak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "aurkezpen-entzunaldian Katherine Harington, Yeison Moreno eta Jose Orta fiskalek konspirazio eta legez kanpoko elkartzea egotzi diote" Ledezmari.

Atxilotua Ramo Verde espetxe militarrera eramango dute, Caracasen. Hor Leopoldo Lopez aurkari politikoa ere espetxeratuta dago 2014ko otsailaren 18tik geroztik.

Ledezmari leporatutako delituak Zigor Kodean eta Terrorismoa Finantzatzeko eta Delitugintzaren Aurkako Lege Organikoan jasota daude.

Caracaseko alkatea ostiral honetan atxilotu dute, Lorent Gomez Saleh eta Gabriel Valles gazteekin lotura duelakoan. Bi gazte hauek irailean atxilotu zituzten Venezuelan (Kolonbiatik kanporatu ostean), iraultzaren aurka konspiratzea egotzita.

Miguel Rodriguez Torres Venezuelako orduko Barne ministroak baieztatu zuenez, Ledezmak harremana zuen Gomezekin eta Vallesekin, eta gazte horiek, aldi berean, Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiarekin lotura zuten.

Ledezmak esan duenez, gazte horiek ezagutzen ditu, baina azpimarratu duenez, "horrek ez du esan nahi Venezuelaren aurka egiteko sare terrorista baten kide naizenik".

Desegindako estatu-kolpearen egile intelektualak izatea egotzi dio Jorge Rodriguez chavistak Ledezma Caracaseko alkateari eta Julio Borges aurkari politikoari. Estatu-kolpearen saiakeraren berri eman zuen Nicolas Maduro presidenteak joan den otsailaren 12an.

Bestalde, Diosdado Cabello Venezuelako Parlamentuko ofizialak adierazi duenez, "Jerico Plana" deituriko ustezko konplotean Ledezmak, Borgesek, Maria Corina Machadok eta Diego Arria NBEko enbadaxadore ohiak parte hartu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea