Mundua -
Jihadismoaren kontra
Frantziak 6 herritarri irtetea galarazi die neurri berri bat erabiliz
Horretaz baliatuta, pasaporteak kendu dizkiete eta Europako gainerako herrialdeak jakinaren gainean jarri dituzte, beste herrialde batzuetara joan ez daitezen.
Erredakzioa
Frantziak neurri berri bat aplikatu du, lehenengoz, sei ustezko jihadistaren kontra, pasaporteak konfiskatuta eta Europako gainerako herrialdeak jakinaren gainean jarrita, beste herrialde batzuetara joan ez daitezen talde terroristetan sartzera.
RTL hedabidearen arabera, Barne Ministerioak lehen neurriak aplikatu ditu haien kontra; hasieran, pasaporteak eta nortasun agiriak kendu dizkiete, sei hilabetez, baina epea luza liteke. Edonola ere, helegitea aurkeztu dezakete neurri horren kontra.
Zerbitzu sekretuen ustean, sei frantziar horiek, adinez nagusiak guztiak, herrialdetik berehala alde egiteko asmoa zuten. Kasu batean, gainera, haien inguruko pertsona batzuek eman zuten abisua, Frantziako Barne Ministerioak muturreko jihadismoarekin lotutako kasuen berri emateko abian jarri zuen telefonora deituta.
Beste kasu batzuetan, Barne Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiak bildutako datuen ondorioz hartu dute neurria.
Pertsona horien izenak Schengen informazio sistemara bidali dituzte eta, orain, datuok Europako herrialde guztietako mugetan jaso dituzte.
RTLren arabera, Segurtasun zerbitzuek beste 40 bat txosten dituzte instrukzio egoeran, eta baliteke kasu horietan ere neurri bera aplikatzea. Azaroan onartu zuten, eta Siriara edo Irakera bidaiatzeko asmoa dutenei pasaportea kentzea ahalbidetzen du.
Frantziak aspaldi eskatu zuen Europar Batasunean hegaldietako bidaiarien kontrol estuagoak egitea, Schengengo Hitzarmeneko artxiboak kontsultatuta, terrorismoaren kontra borrokatu eta “atzerriko gudarien” fenomenoari aurre egiteko.