Mundua -

Grezia

Atenas negoziatzen ari da, Bruselak bere erreformak onar ditzan

Greziako Gobernuak eguna bukatu baino lehen igorriko dio erreformen txostena Europako Batzordeari.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministro. Argazkia: EFE
Alexis Tsipras Greziako lehen ministro. Argazkia: EFE
Egin beharreko erreformen zerrenda aurkeztu behar du Greziak gaur

1:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Gobernuak harremanak abiatu ditu zorraren hartzekodunekin, Atenasek gaur bertan aurkeztu behar duen erreforma-sorta onartzen dutela bermatzeko, Gabriel Sakellaridis bozeramaileak azaldu duenez.

"Zerrendak iruzur fiskalaren eta ustelkeriaren aurkako neurriak izango ditu, zergak modu bidezkoago batean banatzen direla ziurtatzeko", azaldu du Sakellaridisek, Skai telebista-katean.

Horren esanetan, zerrenda ez dute oraindik igorri Bruselara, baina eguna bukatu baino lehen egingo dute, ostiralean Eurotaldean adostu zutena betetzeko.

Nikos Pappas Estatu ministroak atzo adierazi zuenez, akordio hori "urrats txikia baina oso garrantzitsua da, aurretik hartutako neurrien kontrako norabidean doalako".

Pappasen arabera, Greziako Gobernua proposamenak "eztabaidatzeko prest" dago, baina "burujabetzari eta barne politikari buruzko hainbat gai ez dira negoziatzekoak".

Greziako "marra gorriak", horren hitzetan, hauek dira: gutxieneko soldata handitzea, pentsioak izoztea eta BEZ zerga, besteak beste, ez igotzea.

Atenasek hiru orrialdeko zerrenda bat bidali zien atzo Europako erakundeei, eta proposamen zerrenda horren lehen balorazioaren zain dago Gobernua, Bruselara bidali behar dituen behin betiko proposamenei azken ukituak emateko.

"Ia ziur gaude erakundeen baietza jasoko dugula, itxaropentsu gaude", adierazi du Yanis Varufakis Greziako Finantza ministroak. Horren arabera, Bruselaren oniritzia jasotzen badute, telefono bidezko elkarrizketa egongo da erakundeen artean, eta prozesuak aurrera egingo du. Alderantzikoa gertatzen bada, berriz, Eurotaldearen beste bilera bat egingo da.

Greziako Gobernuaren proposamenak aztertzeko, telefono bidezko batzarra egingo dute Pierre Moscovisi Ekonomia Gaietarako Europako komisarioak, Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak eta Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grezia