Mundua -

Hiriburutik 780 kilometrora

3.000 lagunetik gora ebakuatu dituzte Txilen sumendi bat esnatu ostean

Agintariek alerta gorria ezarri dute, eta sumenditik gertu dauden herriak jendez husten hasi dira. Presidenteak zonalde kaltedunak bisitatuko dituela iragarri du.

Villarrica sumendia esnatu egin da Txilen. Argazkia: EFE
Sumendia Txilen
Txileko sumendiaren erupzioak alerta gorrian jarri ditu hainbat herri

0:44

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txileko Araucania eskualdean dagoen Villarrica sumendia esnatu egin da goizaldean, 03:00ak aldera (06:00 GMT). Ondorioz, bertako agintariek alerta gorria ezarri dute Villarrica, Pucon eta Curarrehue herrietan (Araucania eskualdea) eta Panguipulli herrian (Los Ríos eskualdea). Sumendiak laba bota du, eta leherketa txikiak izan dira.

Sumenditik gertu dauden herriak jendez husten hasi dira. 3.000 herritar baino gehiago eraman dituzte jada, eta guztira 20.000 herritar ebakuatu beharko dituztela jakinarazi dute larrialdiei aurre egiteko arduradunek.

Michelle Bachelet Txileko presidenteak premiazko bilera deitu du Moneda Jauregian, horren inguruko informazio guztia biltzeko eta prebentziozko neurriak koordinatzeko.

Halaber, presidenteak iragarri du zonalde kaltedunak bisitatuko dituela. "Lasaitasunerako eta aginduak jarraitzeko deia egin nahi dut, gertaera honek aparteko jazoerarik eragin ez dezan", adierazi du Bacheletek batzarra hasi baino lehen.

Bacheletek azaldu duenez, erupzioaren berri izan bezain laster, Larrialdietarako Bulego Nazionalak bilera deitu du: Rodrigo Peñailillo Barne ministroa, Mahmud Aleuy Barne Ministerioko idazkariordea, Jorge Burgos Defentsa ministroa eta Ricardo Toro Larrialdietarako Bulego Nazionaleko arduraduna dira batzorde hori osatzen duten agintarietako batzuk.

Halaber, udalerri kaltedunetan larrialdietarako eskualde-batzordeak sortu dituzte, eta helikopteroz behatu dute ingurua, elurra urtu denez uholde arriskua dagoelako bertan.

"Gure baliabide guztiak prest ditugu larrialdi honi aurre egiteko", azaldu du Bacheletek, "eta prebentziozko hainbat neurri hartu ditugu; besteak beste, mendi-bideak itxi ditugu, ibaien ur-emaria nabarmen handitu baita".

Bacheletek beste larrialdi-egoera batzuk gainditu behar izan ditu aurretik: 2010eko otsailaren 27an, Txile erdialdea eta hegoaldea astindu zuen lurrikara, iaz izan zen lurrikara, eta, lurrikara hura izan eta aste gutxi batzuetara, Valparaisoko zenbait muinotan izandako suteak, esaterako.

Dagoeneko, 3.385 herritar ebakuatu dituzte Pucon, Coñaripe eta Villarrica udalerrietan, Rodrigo Peñailillo Barne ministroak jakitera eman duenez. Gainera, ibilgailuentzako hainbat bide itxi dituztela jakinarazi du.

Geologia eta Meatzaritza Zerbitzuak azaldu duenez, "erupzioaren ondorioz, sumendiak materia-kopuru handia bota du kanpora, errautsak eta kea tartean, eta hiru kilometro inguruko altuera hartu du zutabeak".

Zonalde turistikoak

Bestalde, erupzioaren ondorioz, zonaldeko hainbat bide itxi dituzte. Gainera, ibaien ur-emaria handitu egin da, mendietan urte osoan dagoen elurra urtzen hasi baita.

Kalte handiena jasan duten zonaldeak Villarica, Coñaripe eta Panguipulli dira. Herri horiek turista asko hartzen dituzte, orain duten uda australean bereziki.

Emergentziarako Bulego Nazionalak azaldu duenez, mendi-bide ugari ixteaz gainera, bide nagusiak irekita mantentzen dituzte, herritarrak ebakuatu ahal izateko.

Haurren eskolak bertan behera utzi dituzte, eta hainbat ikastetxe prestatu dituzte ebakuatutako herritarrak hartzeko. Villarrica sumendiaren jarduera gutxituz joan da.

Sumendi bizia

Villarrica sumendia Santiagotik 775 kilometrora dago, eta Hego Amerikako sumendirik aktiboenetarikoa da. Aurreko erupzioak 1984an eta 2000. urtean izan ziren, eta "estromboliarrak" izan ziren; hau da, altura eta bolumen txikiko zutabea bota zuen sumendiak.

200 metroko diametroa duen kraterra du sumendiak, eta 100 eta 150 kilometroko sakonera duen laba-lakua du barruan. 1558. urtetik 49 erupzio handi izan ditu, 10 urtean behin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gaurko azken ordukoa Txileko Santiago albisteak Sumendien albisteak gaur