Mundua -

Europar Batasuna

EBn sartzeko hautagaitza atzera bota du Islandiak

Erabakia astearteko Ministroen Kontseiluan hartu zuen Islandiako Gobernu kontserbadoreak, baina ostegun honetan jakinarazi die Europako erakundeei.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunean (EB) sartzeko hautagaitza formalki atzera bota du Islandiako Gobernuak, Gunnar Bragi Sveinsson Atzerri ministroak gaur agiri batean jakitera eman duenez.

Europako Batzordeari gutun bat bidali dio Islandiako Exekutiboak erabakiaren berri emateko. Era berean, Sveinsson Edgars Rinkevics Letoniako homologoarekin bildu da erabakia azaltzeko. Letoniak EBko presidentetza du egun.

Erabakia astearteko Ministroen Kontseiluan hartu zuen Islandiako Gobernu kontserbadoreak, baina ostegun honetan jakinarazi die Europako erakundeei.

Gobernu sozialdemokrata-berdea

EBn sartzea 2009an formalki eskatu zion Islandiak Bruselari, herrialdeak krisi larria igaro eta urtebete geroago. Koalizio sozialdemokrata-berdea Gobernuan zegoen orduan.

Hurrengo urteetan prozesuak oztopo eta desadostasun ugari izan zituen, batez ere nekazaritza eta arrantza arloetan.

Gobernu kontserbadorea

2013an egoerak okerrera egin zuen eta negoziazioak bertan behera geratu ziren, eta hilabete batzuk geroago Gobernu kontserbadorea boterera heldu zen. Sigmundur David Gunnlaugsson lehen ministroaren Exekutiboak negoziazioak izoztu zituen.

Herrialdearen interesak EBren parte izan barik hobeto defendatu ditzakeela uste du Islandiako Exekutiboak, Atzerri Ministerioak agiri batean goraipatu duenez.

Otsailaz geroztik Islandiaren erabakia jakina zen; izan ere, Gunnlaugssonen koalizioak hautagaitza atzera botatzeko mozioa onartu zuen Parlamentuan.

Erreferendum batean berretsi ezean hautagaitza berririk ez aurkeztea adostu zuten mozioan. Inkesten arabera, Islandiako herritar gehienak Europar Batasunean sartzearen aurka daude orain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB