Mundua -

Indian

Zortzi lagun atxilotu dituzte 71 urteko moja bat ustez bortxatzeagatik

Atxilotuei deklarazio hartzen ari diete, eta oraindik ez dute baieztatu gizon horiek parte hartu izana. Erasotzaileak ikastetxe-komentu batean sartu ziren, mojari eraso egin, eta dirua lapurtu zuten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indiako Poliziak zortzi lagun atxilotu ditu ostiralean ikastetxe-komentu batean izandako lapurretarekin lotura dutelakoan. Gainera, 71 urteko moja bat bortxatu zuten.

Nadiako segurtasun-indarrek, Bengalako estatuko barrutian, atxilotuei deklarazioa hartzen ari diete, Arnab Ghosh tokiko Polizia-buruak jakinarazi duenez. Oraindik ez dute baieztatu gizon horiek parte hartu izana.

Lapur-talde bat Ranaghat udalerriko ikastetxe kristauan sartu zen ostiralean, eta dirua eta hainbat objektu lapurtu zituzten. Bertatik ihes egin aurretik, horietako batek 71 urte inguruko moja bat bortxatu zuen. Moja ospitaleratuta dago, baina egonkor dago.

Polizia-buruak azaldu duenez, "dirudienez, ondasunen aurkako delitua izan da eragile nagusia, baina ez ditugu arrazoi erlijiosoak erabat errefusatzen, lapurreta ikastetxe kristau baten egin baitzuten".

Aurretik, biktimak polizia-babesa eskatuta zuen, ustez heriotza-mehatxuak jaso baitzituen, Herod Mullick tokiko foro kristauaren presidenteak azaldu duenez. Kristauen aurkako erasoak areagotu dira Bengalan, eta horrek kezka zabaldu du zonaldean.

Izan ere, Indiako hiriburuan eliza kristauen kontrako erasoak jazo dira azken hilabeteetan. Horren ondorioz, gutxiengo erlijioso horrek manifestazio bortitzak egin ditu.

24 milioi kristau bizi dira Indian, 1.250 milioi biztanleetatik herritarren % 1,2. Indiako ipar-ekialdean, hegoaldean edo New Delhiko hiri kosmopolitetan bizi dira kristauak batez ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea