Mundua -
AEB
Atxilotu bat Fergusonen, bi polizien kontrako tiroketarekin lotuta
Ostegunean Ferguson hirian gertaturiko tiroketan bi polizia zauritu ziren, baina dagoeneko sendagiria jaso dute.
Erredakzioa
AEBko Ferguson hiriko Poliziak pertsona bat atxilotu du, ostegunean hiri horretan bi poliziaren kontra izandako tiroketarekin zerikusia duelakoan. Aipaturiko tiroketa Poliziaren "basakeria" salatzeko aste honetan egin diren protesten baitan gertatu zen.
Bob McCollough San Luis konderriko fiskalak prentsaurrean eman ditu atxilotuari buruzko xehetasunak. Hala, atxilotua Jeffrey Williams 20 urteko gizonezkoa da eta 300.000 dolarreko bermea ezarri diote, lehen graduko erasoa egitea leporatuta.
Fiskalaren arabera, atxilotuak ibilgailu batetik bi tiro egin izana aitortu du, baina ukatu egin du bi poliziari eraso egiteko asmorik zuenik.
Atxilotuak baieztatu duenez, beste pertsona batekin lehian ari zela egin zuen tiro.
Tiroketan, ostegun gauerdian Fergusoneko polizia-etxearen aurrean zaintza lanak egiten ari ziren bi polizia zauritu ziren. Dena den, dagoeneko sendagiria jaso dute.
Tiroketa gertatu zen egun berean, Thomas Jackson Fergusoneko Poliziaren buruak eta beste bi goi kargudunek dimisioa eman zuten Justizia Departamentuak arraza diskriminazioa zela eta egindako kritiken harira.
Barack Obama AEBko presidenteak eta Eric Holder fiskal nagusiak aste honetako tiroketa gaitzetsi dute.
Bestalde, AEBko Justizia Departamentuak aurreko astean argitaratutako txosten batek Fergusoneko Poliziak, agintariek eta Justiziak erabilitako jardunbideak zalantzan jarri zituen.
Aurreko urteko abuztuan, arraza zuriko Polizia batek Michael Brown gazte beltza hil zuen eta horrek istiluak eragin zituen herrialde osoan.