Mundua -

Azpiegiturak

Txinak 2.800 aireportu eraikiko ditu 2020 bitartean

Orain arte abiadura handiko trenbideei eman die lehentasuna Asiako erraldoiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako Gobernuak 2.800 aireportu eraikiko ditu 2020 urtea bitartean, hau da, eskualde bakoitzeko bana, Global Times egunkari ofizialak gaur zabaldutako informazioaren arabera.

XIII Bost urtean Behingo Planaren (2015-2020) baitan sartuko da egitasmoa eta "azpiegiturak garatzeko inbertsio masiboa" suposatuko du, Li Jiaxiang Txinako Abiazio Zibilerako zuzendariak egunkariari azaldu dionez. Egun 250 aireportu komertzial ditu Txinak.

Liren esanetan, 280.000 milioi yuan (44.700 milioi dolar eta 42.500 milioi euro) bideratuko dituzte proiektu honetara.

Global Times egunkariak elkarrizketatutako adituen aburuz, luxuzko abioiak eta nekazaritza alorrean edo erreskate edo mediku zerbitzuetan dabiltzan hegazkinak hartzeko erabiliko dituzte aireportuok; ez horrenbeste, erabilera komertzialerako.

Aireportuak eraikitzearekin batera, altitude jakinean ibiltzearen debekua altxatzen joango da Gobernua. Hala, abioiak 1.000 metrotik behera ere ibili ahalko dira.

Abiadura handiko trenbideak eraikitzeari lehentasuna eman dio Txinak azken urteetan eta munduko sarerik handiena du, 20.000 kilometrokoa ia.

Dena dela, asmo horri ere eutsiko dio Txinak datozen bost urteetan eta beste 16.000 kilometro egingo ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txina