Mundua -

Bardo Museoa

Tunisiak ihesean dagoen ustezko hirugarren terrorista identifikatu du

"Ziur gaude hiruk parte hartu zutela segurtasun kameren bidez identifikatu dituztelako", esan du igandean presidente tunisiarrak.

Tunisiako Bardo museoan egin zuten erasoaren irudiak

0:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tunisiako Barne Ministerioak identifikatu egin du Maher Kaïdi, Bardo Museo Nazionalean atentatua egin zuen ustezko hirugarren terrorista eta, horrezkero, ihesean dabilena.

Facebooken duen kontuan, Barne Ministerioak ziurtatu du Maher Kaïdi Béji Caïd Essebsi Tunisiako presidenteak aipatu zuen hirugarren kidea.

Horren ildotik, Barne ministroak Kaïdiren argazki pare bat plazaratu du eta deia egin die hiritarrei, nonbait ikusten baldin badute, segurtasun indarrak berehala jakinaren gainean jartzeko.

Martxoaren 18an, hiru gizon armatu Tunisiako Parlamentura sartzen saiatu ziren eta, ez zutenez lortu, Bardo Museo Nazionalean sartu ziren (ondoko eraikinean dago) eta 21 pertsona hil zituzten, segurtasun indarrek tiroz hil aurretik. Hirugarrenak, orain diotenez, ihes egitea lortu zuen.

"Ziur gaude hiruk parte hartu zutela segurtasun kameren bidez identifikatu dituztelako", esan du igandean presidente tunisiarrak.  "Edonola ere, ihesean dagoen hirugarren hori ez da urrunera helduko", esan du.

Gainera, Barne Ministroak bideo bat zabaldu du eta, bertan, bi erasotzaileek hirugarren batekin topo egiten dutela ikus daiteke, eta litekeena da aipatutako laguna izatea.

Zehatz-mehatz, bi erasotzaileak eskaileran behera doan pertsona batekin topatzen dira, antza guztien arabera, elkarrizketa arin bat izaten dute eta, ondoren, alde egiten du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Nazioartea Atentatuak argazkiak