Mundua -

Gatazka nuklearra

Obama: 'Iran gezurretan badabil, mundua jakinaren gainean egongo da'

Erdietsitakoa "akordio ona" dela uste du AEBko presidenteak. Netanyahuren aburuz, ordea, itunak arriskuan jartzen du Israel.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBko presidenteak adierazi duenez, Iranek eta munduko sei herrialde garrantzitsuenek programa nuklearraren inguruan lortutako akordioa "ona" da, "Iran gezurretan badabil, mundua jakinaren gainean" egongo delako. Izan ere, herrialde arabiarrak uranioa aberasteko duen programa zaintzapean egongo da.

Lausanan (Suitza) adostutako aurre-akordioaren balorazioa egin du Obamak Etxe Zurian eskainitako agerraldi batean.

Behin-behineko itun honen xehetasun tekniko eta legalak ekainaren 30ean zehaztu beharko dituzte aldeek, baina hori heldu bitartean, AEB, aliatuak eta mundua "seguruago" egongo direla nabarmendu du buruzagi estatubatuarrak.

Agertu duenez, "akordioa ez da konfiantzan oinarritzen, aurrekaririk ez duen egiaztapen batean baizik". Obamaren esanetan, "Iran gezurretan badabil, mundua jakinaren gainean egongo da".

AEBko presidenteak uste du xehetasunek "garrantzia" dutela eta, hortaz, "dena zehaztu arte ez dugu ezer adostu", ekaineko 30eko datari erreferentzia eginez.

Negoziazioekin kritiko agertu diren bi buruzagiei, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Salman bin Abdulaziz Saudi Arabiako erregeari, deitu die Obamak, lasaitasuna eman nahian. Izan ere, Iranekin adostutakoa gorabehera, "Israelen segurtasunarekiko eta Iranek eremuan egin ditzakeen ekintzekiko" kezkatuta jarraitzen duela esan die biei. Dena dela, Obamaren hitzetan, itunari esker, "bonba nuklearrak egiteko aukera gutxiago ditu Teheranek".

Israel, kritiko

Obamaren deiak ez omen du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa guztiz asebete. Itunaren kontrako berbak izan ditu Israelgo buruzagiak eta beste akordio bat ixteko deia egin die 5-1 taldeko kideei.

"Akordio honek Irango programa nuklearra legitimo egin, haren ekonomia bultzatu eta jarrera oldarkorra handitzen du", esan dio Netanyahuk Obamari.

"Testu honetan oinarritutako akordio batek arriskuan jarriko luke Israel", adierazi du buruzagi israeldarrak. Izan ere, haren aburuz, akordioak "bonba nuklearra egiteko bidea erraztuko lioke Irani".

Jarrera epelagoa agertu du Saudi Arabiak, akordioak Iran indartuko duen beldur bada ere. Salman bin Abdulaziz erregeak espero du itunari esker segurtasuna handitzea.

 
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak Barack Obama albisteak Iran albisteak