Mundua -

Gero eta erritmo handiagoan

Ia 1.500 etorkin erreskatatu dituzte Italian 24 orduan

Batez beste, minutuko etorkin bat baino gehiago erreskatatu dute Italian. Siziliako Lampedusa, Augusta eta Porto Empedocleko portuak dira itsasoz herrialdean sartu nahi dutenen helmuga nagusiak.

2014an 160.000 etorkin heldu ziren Italiara, aurreko urtean baino lau bider gehiago. Argazkia: EFE
2014an 160.000 etorkin heldu ziren Italiara, aurreko urtean baino lau bider gehiago. Argazkia: EFE
2014an 160.000 etorkin heldu ziren Italiara, aurreko urtean baino lau bider gehiago. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1.469 etorkin erreskatatu dituzte azken 24 orduetan Libiatik Italiako kostaldera heldu nahian zebiltzala, Italiako Kostazaintzak ohar baten bidez informatu duenez.

Itsas Armadak eta Kostazaintzak egin dituzte erreskateok itsasontzietan atzo, larunbata, zenbait astetan nolabaiteko lasaitasuna izan eta gero.

Lehen abisua satelite bidezko telefono batek eman zuen; horren arabera, hiru gabarra noraezean zebiltzan Libiako kostaren aurrean, izan ere, handik abiatzen dira Italiara joan nahi duten etorkin gehienak.

Hala, Kostazaintzako itsasontziek hiru gabarrak topatu zituzten, 82, 469 eta 257 etorkinekin, hurrenez hurren.

Kostazaintzak zehaztu duenez, handik gutxira beste bi itsasontzi agertu ziren, 349 eta 322 pertsona barruan zeudela.

Lampedusa, Augusta eta Porto Empedocle portu siziliarrak dira etorkinen ohiko helmugak.

Italiako Barne Ministroak zabaldutako datuen arabera, otsailean, aurreko urteko otsailean bainoa % 43 etorkin gehiago iritsi ziren Italiako kostaldera. 7.882 heldu dira aurten, eta 5.506 iaz.

Erritmo horri eutsiz gero, 2014ko immigrazio marka hautsiko da Italian. Iaz, 160.000 etorkin heldu ziren Italiara, 2013an baino lau bider gehiago.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Migrazioa Zer ari da gertatzen Europan?