Mundua -
FAO-ren aurka
Hainbat pertsona hil dira Somalian, NBEren kontrako atentatu batean
Al Shabaab Somaliako taldeak bere gain hartu du erasoa. Bonbak bederatzi zaindari hil eta hainbat pertsona zauritu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Hainbat pertsona hil eta zauritu dira Nazio Batuen Erakundeko (NBE) ibilgailu baten aurkako atentatu batean, Garowe Puntlandiako somaliar estatuko hiriburuan, NBEtik EFEri jakinarazi diotenez.
Autobusa NBEko Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundearen (FAO) egoitzaren aurrean aparkatuta zegoen, eztanda egin duenean.
Al Shabaab Somaliako taldeak bere gain hartu du erasoa. "Garoweko erasoa egin dugu", azaldu dio Reutersi Abiasis Abu Musba Al Shabaabeko operazio militarren bozeramaileak.
Bonbak bederatzi zaindari hil ditu, horietatik bi keniarrak dira eta beste zazpi somaliarrak, Mohamed Abdi Somaliako poliziaburuaren esanetan.
"Leherketak langileak zeramatzan autobusari eragin dio. Gutxienez bederatzi pertsona hil dira", adierazi du.
Lau pertsona ospitalera eraman dituzte, zaurituta, eta horietako bi larri daude.
EFErekin harremanetan jarritako beste iturri batek 11ra igo du hildakoen kopurua.
"Goizean Garowen NBEren kontra izandako erasoa gaitzesten dut. Heriotza horien aurrean, hunkituta eta saminduta nago", esan du Nicholas Kay NBEk Somalian duen ordezkariak, Twitterren.