Mundua -
Grayren heriotzaren ostean
Etxeratze agindua bertan behera utzi dute Baltimoren
Freddie Gray gaztearen hiletaren ostean hirian zabaldutako istiluen ondorioz ezarri zuten etxeratzeko agindua.
Agentziak | erredakzioa
Stephanie Rawlings-Blake Baltimoreko alkateak bertan behera utzi du duela sei egun ezarritako etxeratzeko agindua. Freddie Gray gaztearen hiletaren ostean hirian zabaldutako istiluen ondorioz ezarri zuten etxeratzeko agindua. Poliziaren zaintzapean egonda hil egin zen 25 urteko gaztea, eta horrek Poliziaren eta agintarien aurkako protesta bortitzak eragin ditu hirian.
"Etxeratze agindua berehala baliogabetzeko agindua eman dut", esan du Rawlings-Blakek ohar baten bidez, "nire asmoa beti izan da etxeratze agindua bakarrik beharrezkoa den denboran luzatzea".
Etxeratze aginduaren ondorioz, herritarrak etxean geratu behar izan dira 22:00etatik 05:00etara. Halaber, indarkeriari aurre egiteko asmoz, Guardia Nazionaleko 2.000 agente zabaldu dituzte.
Manifestazio baketsua
Bestalde, mila pertsona inguruk elkarretaratzea egin dute Baltimoren sei polizien aurka aurkeztutako akusazioa ospatzeko, Freddie Grayren heriotza dela eta, Poliziaren esku zegoela. Baltimoretarrek manifestazio baketsua egin dute, azken egunotako liskar gordinen ostean.
Izan ere, Baltimorek larrialdi egoeran jarraitzen du. Halere, milaka pertsona izan ziren kalean arratsaldean poliziak inplikatu dituztela ospatzeko eta 'garaipenaren martxa' deitu diote manifestazioari.
Hirian polizia asko daude sakabanatuta, larrialdi egoera betetzen dela egiaztatzeko; hori dela eta, zenbait lagun atxilotu dituzte, kalera atera direlako. Hiritar askok larrialdi egoera etetea eskatu dute, indarkeria handiko egunak bukatu direlako.
Uste berekoak dira denden jabeak; haiek ere larrialdi egoera bertan behera uztea eskatu dute, hiriko merkataritzan eragin duelako. "Ez da beharrezkoa. Liskarrak bukatu egin dira, gazteek egindakoa egin zuten, baina bukatu da. Hau protesta baketsua da", esan dio James Brown manifestariak Reuters albiste agentziari.
Era berean, Bill Ferguson senatari demokratak ere eskatu du, larrialdi egoerak mesede beharrean, kalte gehiago egiten ari dela iritzita. "Bi aldeetako tentsioa baretu egin behar dugu", esan du, Baltimore Sun egunkariaren arabera.
Segurtasun indarren presentzia nabaria da Baltimorren; 3.000 soldadu daude, 150 ibilgailutan, hiri osoan zehar; Marylandeko 578 polizia; Pennsylvaniako 300 eta Nueva Jerseyko 150.
Gaur ere, liskarrak, halere: