Mundua -

Terrorismoaren aurkako borroka

Frantziak espiatzea legeztatuko duen legea onartuko du gaur

Besteak beste, susmagarrien eta horien senideen telefono deiak kontrolatzea ahalbidetuko du lege berriak.

Manuel Valls lehen ministroak sustatu du legea. EFE
Manuel Valls lehen ministroak sustatu du legea. EFE
Frantziako agenteek ez dute beharko epaileen baimenik espiatzeko

1:16

AGENTZIAK | ERREDAZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terrorismoaren aurkako borrokaren baitan espiatzea legeztatuko duen lege polemikoa gaur bozkatuko dute Frantziako Parlamentuan. Ezustekorik ezean, gehiengo zabalez onartuko dute, UMP alderdi kontserbadoreak ere babestuko baitu.

Hori horrela, lege proiektuaren aurkako kritika gogorrenak Parlamentutik kanpo entzun dira. Izan ere, askatasunen alorrean atzerapausoa izango dela salatu dute giza eskubideen aldeko elkarteek.

Kritiken aurrean, testua Konstituzio Kontseilura igorriko duela iragarri zuen François Hollande presidenteak, Konstituzioa urratzen ez duela egiaztatzeko. Hori bai, legea onartu eta gero egingo du.

Lege proiektua Manuel Valls lehen ministroak sustatu du, Frantziako zerbitzu sekretuei terrorismoaren aurka egiteko erreminta berriak eta puntakoak emateko.

Horren esanetan, egungo legea 1991ekoa da, eta garai horretan ez zegoen sakelako telefonorik, ezta Internet ere. Horregatik, lege berriak esparru horietan sakontzea izango du helburu, agenteek ikertzeko eta susmagarriak kontrolatzeko askatasun handiagoa izan dezaten.

Legearen gakoak

Legeak legeztatu egingo du susmagarriei entzuketak eta kontrol elektronikoak egitea. Premiazko uneetan izan ezik, Estatu Kontseiluko epaileek kontrolatuko dute polizien jarduna.

Nolanahi ere, susmagarriak ez ezik, legeak horien senideak, lagunak eta ezagunak ere kontrolatzea baimenduko du, urtarrilean Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurka atentatua egin zuten Kouachi anaiek emazteen telefonoak erabili baitzituzten elkarrekin komunikatzeko.

Kazetariak, parlamentariak eta abokatuak legetik kanpo geratuko dira, hau da, ezin izango dituzte kontrolatu.

Bestalde, mikrofono eta kamera ezkutuen eta espioitza egiteko aplikazioen erabilera ere onartuko dute.

Gainera, Gobernuak informazioa eskatu ahalko die Internet zerbitzua ematen duten enpresei, mehatxu terroristak atzemateko.

Legearen puntu polemikoenetako bat da espioitza neurri guztiak espetxeetan ere ezartzea baimenduko duena. Horren haritik, Christiane Taubira horren aurka agertu da.

Legeak erakunde asko haserretu ditu, hala nola Informatikaren eta Askatasunen Batzorde Nazionala (sareko pribatutasuna zaintzea du helburu), epaileen sindikatuak, Interneteko konpainiak eta giza eskubideen aldeko elkarteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Frantzia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Frantziako Gobernua gaur Espioitza François Hollande albisteak Manuel Valls bideoak