Mundua -
Balantzea
Zer egin du Tsiprasek agintaldiaren lehen 100 egunetan?
Ehun egun igaro dira Alexis Triprasek Greziako presidentetza hartu zuenetik eta, ordutik, lau lege onartzea lortu du, alderdi barruko zaratari eta Europako iritziei aurre eginez.
EFE
Ehun egun igaro dira Alexis Triprasek Greziako presidentetza hartu zuenetik eta, ordutik, lau lege onartzea lortu du, alderdi barruko zaratari eta Europako iritziei aurre eginez.
Presidentetza une latzenean hartu zuen Tsiprasek: Grezia amildegian zegoela, baina aurreko Exekutiboak hartu ez zituen neurriak indarrean jartzeko konpromiso irmoarekin.
“Isiltasuna” izan zen Andonis Samarasen Gobernuaren ezaugarri nagusia. Aitzitik, Tsiprasen Exekutiboak harreman bikaina izan du hedabideekin, elkarrizketak eta agerraldiak etengabe eskainiz.
Hedabideekin izandako harremanaren beste aurpegia Gobernuko kideen arteko koordinazio eza izan da. Horren adibide, gertatu izan da egun berean bi ministrok adierazpen kontraesankorrak egin izana. Azkenean, lau lege onartu dituzte, eta horietako batzuk, hainbat atzerapen izan ostean.
Lehen legeak krisi humanitarioari aurre egitea izan zuen helburu. Hauteskunde kanpainako proposamen izarretako bat izan zen, eta azkenean lortu izan dute onartzea, baina pixka bat gaingabetua. Izan ere, 300.000 familiari laguntzeko diseinatu zuten, eta azkenean erdiekin egin ahal izango dute. Era berean, inbertsioak 2.000 milioi eurokoa izan behar zuen, eta, oraingoz, 200 milioi baino ez dituzte bideratu zeregin horretarako. Gainerako dirua Europarekin egin beharreko negoziazioen emaitzen araberakoa izango da.
Beste legeak hauek izan dira: Ogasunari eta Gizarte Segurantzari zorrak 100 ordainketatan itzultzea baimendu duena, espetxeen egoera hobetzea helburu duena eta ERT irrati telebista publikoa berriz zabaltzea agindu duena.
Gavriil Sakelaridis Gobernuko bozeramailearen esanetan, Exekutiboaren arrakastarik handiena da zorrak epetan ordaintzea ahalbidetu duena. Orain arte, 277.000 pertsonak heldu diote lege horri, 2.200 milioi euro itzultzeko.
Neurri ekonomiko horiez gain, Tsiprasen Gobernuak kutsu ezkertiarra duten beste bi ekimen onartu ditu: manifestazioak zaintzen dituzten poliziek armak ez edukitzea eta atxilotze-zentroetan zeuden hainbat etorkin aske uztea. Gobernuko kide kontserbadoreek (Greziar Independenteak alderdikoak) ez dute neurrion aurka egin.
Greziak krisitik ateratzeko behar duen dirutza hiru bidetatik berreskuratzea aurreikusi du Tsiprasen gobernuak: jasotzeko dauden zorrak kobratzea, munduko beste banketxe batzuetan ezkutatutako milioika euroak errekuperatzea eta BEZaren iruzurra geldiaraztea.
Tsiprasek berak orain gutxi aitortu duenez, erreskatetik kobratzeke zituzten 7.200 milioi euroak jasotzeko beharra zutela hasieratik onartzea hanka sartzea izan da. Hain justu, Greziako gobernu ezkertiarra osatu eta gutxira Yanis Vanufakis Finantza ministroak adierazi zuenez, Greziak ez zuen erreskatearen beharrik, baldin eta horren ordez zubi-kreditua jasotzen bazuen.