Mundua -
Babes zabala
Espiatzea legeztatuko duen legea onartu du Frantziako Parlamentuak
Lege polemiko honek susmagarriei entzuketak eta kontrol elektronikoak egitea ahalbidetuko du. Susmgarri horien senideak, lagunak eta ezagunak kontrolatzea ere baimenduko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Manuel Valls lehen ministroak bultzatutako espioitza lege berria onartu dute gaur Frantziako diputatuek. 483 diputatuk babestu dute testu polemikoa, eta 86 ordezkari kontra agertu dira.
Legeak askatasunak murriztuko dituela salatu dute giza eskubideen elkarteek. Gobernuan dagoen Alderdi Sozialistako (PS) eta UMP kontserbadoreko diputatu gehienek babesa eman diote legeari. 1991ko lege bat eguneratu nahi du testu berriak.
Lege proiektuaren aurkako kritika gogorrenak Parlamentutik kanpo entzun dira. Izan ere, askatasunen alorrean atzerapausoa izango dela salatu dute giza eskubideen aldeko elkarteek.
Kritiken aurrean, testua Konstituzio Kontseilura igorriko duela iragarri zuen François Hollande presidenteak, Konstituzioa urratzen ez duela egiaztatzeko. Hori bai, legea onartu eta gero egingo du.
Bozketaren emaitza. Argazkia: EFE
Lege proiektua Manuel Valls lehen ministroak sustatu du, Frantziako zerbitzu sekretuei terrorismoaren aurka egiteko erreminta berriak eta puntakoak emateko.
Horren esanetan, egungo legea 1991koa da, eta garai hartan ez zegoen sakelako telefonorik, ezta Internet ere. Horregatik, lege berriak esparru horietan sakontzea izango du helburu, agenteek ikertzeko eta susmagarriak kontrolatzeko askatasun handiagoa izan dezaten.
Legearen gakoak
Legeak legeztatu egingo du susmagarriei entzuketak eta kontrol elektronikoak egitea. Premiazko uneetan izan ezik, Estatu Kontseiluko epaileek kontrolatuko dute polizien jarduna.
Nolanahi ere, susmagarriak ez ezik, horien senideak, lagunak eta ezagunak ere kontrolatzea baimenduko du legeak, urtarrilean Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurka atentatua egin zuten Kouachi anaiek emazteen telefonoak erabili baitzituzten elkarrekin komunikatzeko.
Kazetariak, parlamentariak eta abokatuak legetik kanpo geratuko dira, hau da, ezingo dituzte kontrolatu.
Bestalde, mikrofono eta kamera ezkutuen eta espioitza egiteko aplikazioen erabilera ere onartuko dute.
Gainera, Gobernuak informazioa eskatu ahalko die Internet zerbitzua ematen duten enpresei, mehatxu terroristak atzemateko.
Legearen puntu polemikoenetako bat da espioitza neurri guztiak espetxeetan ere ezartzea baimenduko duena. Christiane Taubira horren aurka agertu da.
Legeak erakunde asko haserretu ditu, Informatikaren eta Askatasunen Batzorde Nazionala (sareko pribatutasuna zaintzea du helburu), epaileen sindikatuak, Interneteko konpainiak eta giza eskubideen aldeko elkarteak, besteak beste.