Mundua -
Herritarren protestak
Guatemalako presidenteordeak dimisioa eman du, ustelkeria egotzita
Milaka guatemalarrek Roxana Baldettiren dimisioa ospatu dute kaleetan. Kontrabando eta aduana-iruzurra egiten zuen sare bateko burua izatea leporatu diote Baldettiren idazkari ohiari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Milaka guatemalar kalera atera dira Roxana Baldetti presidenteordearen dimisioa ospatzera. Ustelkeria auzia dela eta, Baldettik dimisioa ematera behartuta ikusi du bere burua. Halaber, herritarrek eta enpresariek horren dimisioa eskatu izan dute manifestazio jendetsuetan.
Ustelkeria kasu horren harira, kontrabando eta aduana-iruzurra egiten zuen sare bateko burua izatea leporatu diote Baldettiren idazkari ohi Juan Carlos Monzon Rojasi. Sare horrek zergak biltzeko bulego batean funtzionatzen zuen, eta joan den apirilaren 16an desegin zuten. Hiru aste igaro ostean, azkenean Baldettik dimititu egin du.
Oihuka eta petardo soinuekin, 3.000 herritar inguru bildu dira bat-batean Kulturaren Jauregi Nazionalaren aurrean. Duela astebete lagun talde bat egoitza horren aurrean kateatu zen, Baldettiren dimisioa eskatzeko protesta moduan. Otto Perez Molina Guatemalako presidenteak Baldettiren dimisioa iragarri ostean, guztiek erabakia txalotu eta ospatu dute.
Elkarretaratzea oro har baketsua izan da, ez da zauriturik ezta kalte materialik izan, baina Poliziak eskua sartu behar izan du, manifestari talde bat Noti7 tokiko komunikabidearen ibilgailua iraultzen saiatu baita. Komunikabide horri Gobernuaren onerako lan egitea leporatu diote.