Mundua -

Legez kanpoko immigrazioa

EBk NBEren babesa eskatu du etorkinen trafikoari aurre egiteko

“Erantzukizunak hartzen eta azkar eta gogor lan egiten ari gara, baina ezin dugu bakarrik egin”, adierazi du Federica Mogherini Europar Batasuneko diplomaziaren buruzagiak.

Federica Mogherini Europar Batasuneko diplomaziaren buruzagia. Artxiboko irudia: EFE
Federica Mogherini Europar Batasuneko diplomaziaren buruzagia. Artxiboko irudia: EFE
Etorkinen mafiei aurre egiteko babesa eskatu du Europak

0:45

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mediterraneoan legez kanpoko immigraziori aurre egiteko planari babesa emateko eskatu dio gaur Europar Batasunak NBEko Segurtasun Kontseiluari. EB mafien aurka prestatzen ari den operazio militarra ez dute begi onez ikusten herrialde batzuek.

“Erantzukizunak hartzen eta azkar eta gogor lan egiten ari gara, baina ezin dugu bakarrik egin”, adierazi du Federica Mogherini Europar Batasuneko diplomaziaren buruzagiak Nazio Batuen Erakundeko organo gorenaren aurrean.

Lehendabizi Kontseiluaren aurrean hitz egin du Italiako diplomatikoak eta ondoren 15 kideen enbaxadoreekin bildu da ateak itxita, Mediterraneoko tragediari aurre egiteko EBren ekintzei babesa emango dien ebazpen bat onartzea eskatzeko.

Ontziak deuseztatu

Legez kanpoko immigrazio sareek erabiltzen dituzten ontziak deuseztatzeko puntuak eztabaida sortu du NBEn. EBko buruzagiek indarra erabiltzea adostu zuten apirilean.

Operazio militarra NBEren babesarekin soilik egin zitekeela argi utzi zuen Francois Hollande Frantziako presidenteak iragan apirilean.

Hala ere, ontziak deuseztatzea urrutiegi joatea izango litzatekeela ziurtatu du Errusiak azken egunetan. Moskuk beto-eskubidea du Segurtasun Kontseiluan. Gainera, Afrikako estatu batzuek zalantzak azaldu dituzte.

Heriotza gehiago eragotzi

Bruselaren estrategia askozaz zabalagoa dela esan du berriro Mogherinik; izan ere, lehentasun nagusia Mediterraneoan jende gehiago hiltzea eragoztea da.

“Datozen orduetan” Segurtasun Kontseiluaren EBko kideek ebazpen zirriborro bat igorriko diete gainerako estatuei, Mogherinik azaldu duenez. Etorkinak legez kanpo eramaten dituzten sareen ontzien aurka indarra erabiltzeko baimena eskatuko du ebazpenak.

Urtarriletik apirilera arte ia 1.800 etorkin hil ziren Mediterraneoa gurutzatzeko saiakeran, iaz baino 30 aldiz gehiago, NBEko datuen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albiste garrantzitsuak Europar Batasuna Albisteak migrazioa gaur NBE Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Mediterraneo itsasoko kostaldea