Mundua -
Godefroid Niyombare
Estatu-kolpe saiakeraren arduradun nagusia atxilotu dute Burundin
Atxiloketaren inguruko albisteak, ordea, kontrajarriak dira. Atxiloketa baieztatu eta ordu gutxira, Godefroid Niyombare desagertuta dagoela adierazi dute.
Agentziak | Erredakzioa
Godefroid Niyombare jenerala atxilotu dute Burundiko agintariek, Afrikako herrialdearen Presidentetzako bozeramaile batek jakitera eman duenez. Pierre Nkurunziza presidentearen aurkako estatu-kolpe saiakeraren arduradun nagusia da Niyombare.
Gervais Abayeho bozeramaileak baieztatu duenez, jeneral kolpista “atxilotu dute, ez du amorerik eman”, baina atxiloketaren inguruko xehetasun gehiagorik ez du eman.
Aldez aurretik, Poliziaren jeneral bat eta Armadako beste bi buruzagi atxilotu dituzte segurtasun indarrek, besteak beste, Cyrille Ndayirukiye Defentsa ministro ohia.
Atxiloketaren inguruko albisteak, ordea, kontrajarriak dira. Atxiloketa baieztatu eta ordu gutxira, Godefroid Niyombare desagertuta dagoela adierazi du Burundiko Presidentetzak.
“Kontuak emango” dituzte Justiziaren aurrean
Lau militarrak auzitegien esku utzi dituztela goraipatu du presidentearen bozeramaileak. Justiziaren aurrean “kontuak emango” dituztela azpimarratu du Abayehok.
Nkurunziza kargutik kentzeko erabakia iragarri zuen Niyombarek asteazkenean, Buyumburako kuartel batean. Ekaineko hauteskundeetara aurkezteko eta hirugarren agintaldi bat izateko erabakia hartu zuen Nkurunzizak, eta horren aurkako protestak protagonistak izan dira azken asteetan, Burundin. Goi-kargudun militarrek Niyombare lagundu zuten asteazkenean.
Presidentea Tanzanian zegoen estatu-kolpe saiakera gertatu zenean. Ostegunean, azken orduan, Burundira itzuli behar zela jakinarazi zuen.
Jauregira itzuli da
Nkurunziza Buyumburako jauregira heldu da ostiral honetan. Nkurunziza estatuburuaren egoitza nagusira heldu dela baieztatu diok Abayehok Reuters albiste-agentziari.
BBC telebistaren arabera, buruzagia konboi militar handi batean heldu da eta alderdiko jarraitzaileek bibaka hartu dute.