Mundua -

Immigrazioa

Etorkinen hilotzak aurkitu dituzte hainbat hobi komunetan, Malaysian

Gainera, etorkinak atxikita izateko kanpaleku klandestinoak aurkitu dituzte.

Milaka etorkin aurkitu dituzte kanpaleku horietan. Argazkia: EFE
Milaka etorkin aurkitu dituzte kanpaleku horietan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Malaysiak gaur baieztatu duenez, etorkinen hilotzak zituen hobi komunak aurkitu dituzte herrialdearen iparraldean. Gainera, pertsona-trafikoarekin lotutako 17 kanpaleku klandestino aurkitu dituzte.

Ahmad Zahid Hamidi Malaysiako Barne ministroak esan duenez, Padang Besar herrian aurkitu dituzte kanpalekuak, Perlis estatuan, Thailandiako mugatik gertu. "Malaysiak, herrialde bezala, ez du auzi honetan parte hartzerik, baina bai, ordea, hainbat malaysiarrek", adierazi du. "Malaysia ez dago auzi horretan nahasita, baina malaysiarrak bai", azaldu du.

Khalid bin Abu Bakar Poliziaren inspektore nagusia bertaratu da, eta bere gain hartu du kanpalekuen gaineko ikerketa. Antza denez, trafikatzaileek etorkinak kanpalekuetan sartzen zituzten horien familiek erreskatea ordaintzen zuten arte. Dena den, Poliziak kanpalekuak aurkitu baino lehen joan ziren bertatik.

Aipaturiko tokia Thailandiako mugatik gertu dago; hain zuzen ere, Thailandian gutxienez 8 kanpaleku klandestino eta ehunka hobi topatu dituzte Bangladesh eta Myanmarreko etorkinen gorpuzkinekin.

Maiatzaren hasieran aurkitu zituzten kanpalekuak Thailandia hegoaldeko Songkhla probintzian, eta, ondoren, pertsona-trafikoaren kontrako kanpaina bat abiarazi zuten.

Ondorengo egunetan, ehunka etorkinek Thailandiara, Malaysiara eta Indonesiara heltzea lortu zuten, nahiz eta herrialde horietako Itsas Armada itsasontziak geldiarazten ahalegindu zen. Trafikatzaileek ontziak noraezean utzi eta ihes egin zutela uste dute agintariek.

Asteazkenean, Indonesiako eta Malaysiako gobernuek adostu zuten behin-behinean bengaliar eta rohinya etniako etorkinak hartuko dituztela, betiere nazioarteak etorkin horiek beste herrialde batzuetan kokatzeko edota urtebeteko epean aberriratzeko konpromisoa hartzen badu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Europa