Mundua -

Hauteskundeak

Enrique Peñaren alderdiak irabazi ditu hauteskundeak Mexikon

Hala ere, aurreko legealdian baino eserleku gutxiago izango ditu Diputatuen Ganberan, lehenengo emaitzen arabera.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Peña Nieto PRIren presidentegaiak irabazi ditu Mexikoko hauteskundeak, botoen % 30 eskuratuta. Hala ere, aurreko legealdian baino eserleku gutxiago izango ditu Diputatuen Ganberan, lehenengo emaitzen arabera.

Hauteskunde Institutu Nazionalak jakitera eman duenez, PRIk botoen % 29,87 eta % 30,86 artean lortu ditu. Ganberako 500 eserlekuetatik 196-203 izango ditu Peñaren alderdiak, emaitza horien arabera.

PRI alderdiaren atzetik, PAN kontserbadorea izango da Mexikoko bigarren alderdia, botoen % 21,47-22,2 eskuratuta. PRD ezkerreko alderdiak, berriz, botoen % 11,14-11,81 lortu ditu. Parte-hartzea ez da % 50era iritsi, Hauteskunde Institutu Nazionalaren arabera.

Mexikon hauteskunde lokalak eta federalak egin zituzten atzo, eta igandea gorabehera batzuekin hasi zen, batez ere, irailaren 26tik falta diren 43 ikasle mexikarren gurasoak hauteskundeen kontra egiten ari ziren boikota dela-eta; izan ere, Mexiko hegoaldeko Oaxaca estatuko hainbat tokitan boto-kutxak suntsitu eta boto-paperak erre zituzten.

Gabino Cue Oaxaca estatuko gobernadoreak jakitera eman zuenez, "gorabehera txiki batzuk" izan ziren Tehuantepec, Juchitán eta San Blas Atenmpa herrietan, hain zuzen ere, hainbat boto-kutxa erre baitzituzten.

Are gehiago, hauteskundeak bertan behera utzi dituzte Tixtlan, hau da, 43 ikasleen herrian, boikota tarteko. Hala, urriaren 4an egingo dituzte hauteskundeak herri horretan.

Ikerketa ofizialaren arabera, irailaren 26an, gauean, polizia ustelek Ayotzinapa eskolako 43 ikasle atxilotu eta krimen antolatuko kideen esku utzi zituzten; ondoren, horiek hil eta erraustu zituzten. Ikasleen gurasoek eta lagunek ez dute bertsio ofiziala sinesten, eta 43 gazteak bizirik itzultzea eskatzen dute.

Bestalde, gorabeherak izan dira Mexiko hego-ekialdeko Chiapas estatuan; zehazki, 18 hautesleku erre eta 11 lagun atxilotu dituzte.

Atzoko hauteskundeetan, 83,5 milioi mexikar zeuden botoa ematera deituta 2.016 kargudun aukeratzeko: gobernadoreak, alkateak, diputatu lokalak eta federalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea