Mundua -
Estatu Islamikoa
EIk 16 pertsonaren hilketa agertzen den bideo bat zabaldu du
"Itzultzen bazarete, itzuli egingo gara" izeneko grabaketan (oraindik egiaztatzeke dago), "espioitza" egitea leporatzen diete hildakoei.
agentziak | erredakzioa
Estatu Islamikoa (EI) talde terroristak beste bideo bat zabaldu du Interneten, eta bertan 16 irakiarren hilketa agertzen da: tiroka, itota edo lehergailuak zartarazita.
"Itzultzen bazarete, itzuli egingo gara" izeneko grabaketan (oraindik egiaztatzeke dago), "espioitza" egitea leporatzen diete hildakoei, eta Estatu Islamikoko buruak hiltzeko helburua duten taldeetako kideak izatea.
Zazpi minutuko bideoa ustez AEBak buru dituen nazioarteko koalizioak hildako pertsonen arrastoen irudiekin hasten da.
Ondoren, ustezko espioiek aitortzen dute Irakeko Armadarentzat lan egiten zutela eta Estatu Islamikoko buruzagiak hiltzeko taldeetako partaide zirela.
Taldeka hiltzen dituzte 16 lagunak. Hasieran lau pertsona agertzen dira auto batean, basamortuaren erdian, eta jihadista batek granada bat jaurtita hiltzen ditu.
Gero, bost pertsona sartzen dituzte kaiola batean, eta igerileku batean sartuta itotzen dituzte.
Gainerako zazpiak lepoko lehergailuen bitartez hiltzen dituzte, eta bideoan argi ikusten dira irudi gorpuzkinak.