Mundua -

Greziako erreferenduma

Tsipras: 'Gaur demokrazia beldurraren propagandari nagusituko zaio'

Bestalde, Greziako Finantza ministroak berretsi du dimisioa emango duela greziarrek hartzekodunen proposamena babesten badute.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak botoa eman duen unea. Argazkia: EFE
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak botoa eman duen unea. Argazkia: EFE
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak botoa eman duen unea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Gobernuko ordezkariek eta oposizioko kideek adierazpenak egin dituzte botoa ematera joan direnean, izan ere, hartzekodunen proposamenari buruz erabakitzeko erreferenduma egiten ari dira gaur herrialdean.

Kazetariez eta argazkilariz leporaino zegoen Kipseli auzoko hautesleku batean eman du botoa Alexis Tsipras lehen ministroak eta zailtasunak izan ditu aurrera egin eta botoa eman behar zuen tokira iristeko.

Lehen ministroa "baikor" agertu da eta gaurkoan greziarrek mezu garbia zabalduko dutela adierazi du: "Gaur demokrazia beldurrari nagusituko zaio, determinazioak beldurraren propagandari gailenduko zaio". Gainera, Europaren aldeko mezua helarazi du eta nabarmendu du Europan duintasunez bizitzeko asmoa aldarrikatuko dutela.

Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministroak une sakratutzat, Europarentzako itxaropen garaitzat jo du gaurko eguna. Haren esanetan, gaur argi eta garbi gelditu da euroa eta demokrazia bateragarriak direla. Halaber, berretsi du dimisioa emango duela greziarrek hartzekodunen proposamenari babesa ematen badiote.

Bestalde, politikarien artean botoa ematen lehena Yorgos Papandreu lehen ministro ohi eta Sozialista Demokraten Mugimenduko buruzagia izan da.

Greziak Europaren "bihotzean" jarraitzeko beharra azpimarratu du Papandreuk. Horren esanetan, herrialdeak aldaketak sakonak behar ditu eta horretarako bazkideen babesa behar du. "Aldaketak egindakoan soilik izango da Grezia independente eta orduan esan ahal izango die ezetz erreskateei", gaineratu du.

Andonis Samaras Greziako lehen ministro ohi eta Demokrazia Berria alderdiko buruak goizean goiz eman du botoa Peloponeso penintsulan eta azpimarratu du greziarrak herrialdearen patua erabakitzen ari direla gaur. "Baietz bozkatzea Europari baietz esatea da", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Greziako berriak