Mundua -
Taiz udalerrian
Koalizioaren hegazkin-eraso batek 55 hildako utzi ditu Yemenen
Saudi Arabiaren koalizioak abiatutako erasoa izan da, Taizeko udalerrian, errebelde hutien aurka, hain zuzen ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 55 lagun hil eta beste ehunka zauritu dira larunbat honetan koalizio arabiar-musulmanak Yemengo hego-mendebaldean egindako bonbardaketa baten ondorioz, hutien aldeko Saba albiste-agentziak zabaldu duenez.
Erasoa Mocako hirian jazo da, Taizeko udalerrian, Itsaso Gorriaren kostaldean. Hiriko argindar-lantegiko ingeniarien etxebizitzak izan dira bonbardaketaren helburua.
Zaurituak hiriko hainbat ospitaletara eraman dituzte, baita Al Hudeidako udalerriko osasun-zentroetara ere, Saba albiste-agentziak gaineratu duenez.
Bestalde, zenbait komunikabidek jakitera eman dutenez, koalizioaren hegazkinek huts egin zuten, eta berez ez zuten ingenieri horien etxebizitzak suntsitu nahi. Izan ere, komunikabide horien arabera, aire-defentsarako kanpaleku bat, kostaldeko beste kanpaleku bat eta Yubran Al Hashdi hutien aldeko militarraren etxea ziren benetako helburuak.
Martxoaren 26an Saudi Arabiak zuzendutako koalizio batek gerra deklaratu zien Yemengo errebelde hutiei, Hadi Yemengo presidenteari boterea kendu nahi diotelakoan.