Mundua -
Londres
Atzerapenak eta pilaketak Londreseko metroko greba-egunagatik
Gaur egiten ari diren lanuztea hilabete baten buruan metroko langileek egiten duten bigarrena da, uztailaren 8an eta 9an izandakoaren atzetik.
Agentziak | Erredakzioa
Londreseko metroko langileak egiten ari diren greba-eguna, bigarrena hilabete baten buruan, atzerapenak eta pilaketak ari da eragiten tren- eta autobus-zerbitzuetan, eta kaosa ari da sortzen hiriburuko garraioan.
Ehunka pertsona ari dira pilatzen tren- eta autobus-geltokietan euren helmugetara iristeko asmoz; hala ere, beste askok bizikletaz ibiltzea, oinez egitea edota etxetik jardutea erabaki dute.
Egunero hiru milioi pertsonatik gora erabiltzen duten metro-zerbitzua ez egoteak trafikoan auto-ilarak azaltzea eragiten ari da, batez ere hiriburuko erdigunean.
Grebari aurre egiteko, Udalak 250 autobus gehigarri jarri ditu martxan, eta Tamesis ibaiko transbordadoreen kopurua ere areagotu egin du.
Hiri inguruko treneko langileak lau sindikatutan daude bilduta, eta atzo arratsaldean hasi zuten grebak (17:30 GMT) ostirala goizera arte iraungo du. Greba egitearen arrazoia honako hau da: irailaren 12tik aurrera zenbait lineatan asteburuz abian jarriko den gaueko zerbitzu berrian jarduteko baldintzekin ados ez egotea.
Gaur egiten ari diren lanuztea hilabete baten buruan metroko langileek egiten duten bigarrena da, uztailaren 8an eta 9an izandakoaren atzetik. Lanuztea arren ondorioz, zuzendaritzaren eta langileen arteko elkarrizketei berriz ekitea lortu zuten, baina adostasunik lortu gabe.