Mundua -

Etorkinak

Asteazkeneko hondoratzetik bizirik atera zirenak Italiara heldu dira

Gaur ere beste 381 etorkin erreskatatu dituzte Mediterraneoan, horien artean 55 emakume eta 26 ume.

Etorkinak, Palermo
Etorkinak, Palermo
Italiara iritsi dira Mediterraneoko naufragiotik bizirik atera zirenak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mediterraneo itsasoaren uretan gertatutako azken tragediatik bizirik atera ziren ia 400 etorkinak Sizilia uhartera (Italia) heldu dira ostegun honetan. Libiako kostaldetik gertu ontzi bat hondoratu zen asteazkenean, eta 25 gorpu berreskuratu zituzten.

Erreskatatu zituzten 367 pertsonetatik 373 lehorreratu dira; izan ere, sei Lampedusako ospitalera batera eraman behar izan dituzte helikoptero batean.

Libiako kostaldetik 15 miliara (24 bat kilometro) gertatu zen ezbeharra, arratsaldeko lehen orduan, asteazkenean.

Aurten 2.000 pertsona hil dira Mediterraneoa gurutzatzeko saiakeran, Migraziorako Nazioarteko Erakundeak asteartean jakitera eman zuenez.

Beste erreskate bat, gaur (osteguna)

Libiako kostaldetik atera eta gabarra baten barruan bidaiatzen zebiltzan beste 381 immigrante salbatu dituzte gaur bertan; bidaiarien artean  55 emakumezko eta 26 haur zeuden.

Aipatutako 381 immigranteen erreskatea Libiako kostaldearen iparraldetik 30 itsas miliatara (48 kilometro inguru) gertatu da. Handik zebilen Fiorillo itsasontzia, atzoko ezbeharretik bizirik atera ahal izan direnak bilatzeko asmoz.

Krisia konpontzeko ausardia eskatu du Europako Batzordeak

Erantzun global eta bateratua eskatu du gaur Europako Batzordeak. Mediterraneoko tragediari aurre egiteko jatorrizko eta igarotze herrialdeekin elkarlanean aritzea beharrezkoa dela azpimarratu du.

“Telebista aurrean negar egitea oso erreza da tragedia ikustean, baina zailagoa da jaikitzea eta erantzukizunak hartzea”, adierazi dute Frans Timmermans Europako Batzordearen presidenteordeak, Federica Mogherini EBko goi-ordezkariak eta Dimitris Avramopulos Immigrazio komisarioak agiri bateratu batean.

“Ausardia kolektiboa behar dugu orain ekintza konkretuak aurrera eramateko, bestela hitzak hutsik geratuko lirateke”, azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Migrazioaren albisteak Gaurko titularrak Albisteak Naufragioak gaur Mediterraneo itsasoa Italiako berriak