Mundua -
BOZKETA EGUNA
Haitik hauteskundeak egingo ditu gaur, lau urtez atzeratu ostean
Herrialdeak hilabeteak daramatza krisi politiko sakonean murgilduta, hauteskundeak deitzeko unean porrot eginda, lehen ministroak dimisioa eman zuenetik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sei milioi haitiar inguru boza ematera deituta daude igande honetan Senatuaren bi heren eta behe-ganbera osoa berritzeko. Gaurko hauteskundeak 4 urtez atzeratu egin dituzte, 2011tik, hain zuzen ere.
Hauteskundeetan segurtasuna bermatzeko asmoz, milaka polizia mobilizatu dituzte, eta Nazio Batuen agenteen babesa ere jasoko dute. Halaber, polizia horiek hauteslekuetan egongo dira 06:00etatik (tokiko orduan) 16:00ak arte, hautetsontziak ixten direnean, alegia.
Hautesleek 119 diputatu eta 20 senatari aukeratuko dituzte, hainbat alderdietako 1.800 hautagairen artean. Hautagairen batek bozen % 50 gutxienez lortu beharko du, bestela, bigarren itzulia egin beharko dute datorren urriaren 25ean. Izan ere, egun horretan bertan hauteskunde orokorrak ere egingo dituzte.
Michel Martelly egungo presidenteak ezin izango du berriro hauteskundeetara aurkeztu (Konstituzioak galarazten diolako). Martellyk dekretu bati esker gobernatzen du, urteak daramatzatelako hauteskundeak egin gabe. Martelly hauteskundeetara berriro aurkezteko balizko aukerak protesta ugari eragin zituen.
"Urriari begira, azterketa handia izango dira hauteskunde hauek", esan du Pierre Esperance Giza Eskubideen Defentsarako Sare Nazionalaren zuzendariak.
Herrialdeak hilabeteak daramatza krisi politiko sakonean murgilduta, hauteskundeak deitzeko unean porrot eginda, Evans Paul lehen ministroak dimisioa eman zuenetik.
2010eko urtarrilaren 12an izandako lurrikara hondatzailearen ondorioz 220.000 lagun baino gehiago hil ziren, Haitiko Gobernuaren datuen arabera, Nazio Batuen 96 soldadu barne. Lurrikara kolpe handia izan zen herrialdearen ekonomiarako eta azpiegiturentzako, berez, ezegonkorrak zirenak.