Mundua -
Urtebete Brown hil zutela
Larrialdi egoera ezarri dute Fergusonen, istiluak saiheste aldera
Bart bederatzi lagun atxilotu dituzte; atzo, guztira, 57. 18 urteko mutil bat larri dago, Poliziak tiroz zauritu ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Istiluak eta atxiloketak. Ez da giro Fergusonen (Missouri, AEB). Duela urtebete bezala. Orduan polizia zuri batek tiroz hil Michael Brown gazte beltza eta heriotza horren urtemugan, tentsio giroa nagusi da berriro hiri estatubatuarrean. Liskarrak saihestu aldera, larrialdi egoera ezarri dute agintariek. Atzoko kalapiten ondorioz, hiru lagun zauritu ziren, bat oso larri.
Bigarren gauez jarraian, dozenaka lagun bildu dira West Florissant etorbidean, iaz Brownen hilketaren protestagune bilakatu zen lekuan. Manifestariek botilak jaurti dituzte agenteen kontra eta bildutakoak sakabanatzeko indarra erabili behar izan du Poliziak.
Sant Louis konderriko Poliziak du kaleak zaintzeko ardura. Atzo larrialdi egoera ezarri zuten, "ondasunek eta pertsonek izan ditzaketen kalteak saiheste aldera".
Orain arte Fergusongo polizia izan da arduradun nagusi, eta hain justu, agente hauek pertsona beltzekiko duten jarrera diskriminatzailea salatu dute kolektibo horretako kideek.
Bederatzi lagun atxilotu dituzte bart. Atzo goizean 57 pertsona hartu zituzten atxilo Fergusongo Polizia desegiteko polizia-etxe aurrean egindako protestan. Arratsaldean, 70. errepidea itxi zuten manifestariek, zirkulazio handia zegoen unean, baina handik gutxira bere onera etorri zen egoera.
Tyrone Harris Jr. atzo Poliziak tiroz zauritutako 18 urteko gizonezkoak ospitalean jarraitzen du, oso larri.