Mundua -

Grezia

Siriako 300 errefuxiaturi ostatu eman diete Kosen, ferry batean

Siriako errefuxiatuei sartzen utzi diete soilik eta etorkinen arteko liskarrak sortu dira horregatik. Higiene eta jateko falta salatu dute.

Grezia
Grezia
Ehunka siriar ferry batean atera dituzte Greziako Kos irlatik

1:56

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez Siriako 321 errefuxiatuk Koseko irlatik irtetzea espero dute. Greziako Gobernuak, bertako agintariei laguntzeko asmotan (dokumentaziorik gabeko hainbat etorkin heldu baitira, eta gainezka egin die), itsasontzi bat bidali du bertara eta bertan sartu dituzte etorkinak.

Segurtasun neurri zorrotzak ezarri dituzte, izan ere, tentsio handia izan da etorkinen artean Siriako errefuxiatuak sartu direlako soilik. Siriarrez gain, Gobernuz Kanpoko Erakundeetako kideak eta polizia daude bertan. Horrela, beste herrialdeetako etorkinen artean liskarrak izan dira, batez ere Pakistangoak, Afganistangoak eta Iranekoak.

Uharteko polizia-etxearen aurrean jazo ziren liskarrak. Izena emateko zain zeuden hainbat etorkin eta bulegoa itxita zegoen jai-eguna zelako. Eleftheros Venizelos itsasontziak 2.500 lagun hartzeko aukera du eta ostiralean heldu zen Kosera, etorkinei eta errefuxiatuei ostatu emateko. Etorkinen arabera, higiene eta jateko falta nabaria da uhartean, Greziatik irtetzeko dokumentuen zain dauden bitartean.

Itsasontziak bi aste emango omen ditu uhartean eta gero beste batek hartuko omen dio lekukoa, bertako agintarien arabera. Azken asteetan, Koseko agintariei zein Lesbos, Jios eta Samos uharteetakoei egoerak gainezka egin die. Hainbat etorkin jaso dituzte, Turkiako kostaldetik oso hurbil daudelako.

Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak jakinarazi zituen datuen arabera, 2015eko lehen zazpi hilabeteetan 124.000 etorkin eta dokumentazio gabeko heldu dira Greziara, gehienbat Kos, Lesbos, Samos eta Leros uharteetara. Hain zuzen ere, uztailean 50.000 lagun heldu dira Greziara, besteak beste, Siriatik, Afganistanetik Iraketik, Eritreatik eta beste hainbat herrialdetatik: iaz, urte osoan, heldu zirenak baino gehiago, eta ekainean baino 20.000 lagun gehiago. Urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra bitartean %750 egin du gora, iazko datuekin alderatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Siriako gudatearen albisteak gaur Albisteak migrazioa gaur Grezia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Siria albisteak gaur