Mundua -
150 hiritan
Jende andana manifestatu da Brasilen Rousseffen gobernuaren kontra
Manifestariek Petrobasen ustelkeria kasuaren eta ekonomiaren krisiaren aurka egin dute; BPGak % 1,5 egingo du behera aurten, aurreikuspenen arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka mila pertsonak kaleak hartu zituzten igandean Brasilgo ehun hiri baino gehiagotan eta Dilma Rousseff presidentearen dimisioa eskatu zuten. Rousseff gero eta presio gehiago jasaten ari da Petrobasen ustelkeria kasuagatik eta Brasilgo ekonomia ia-ia atzeraldian sartu delako.
Protestak ohiko politikatik kanpoko oposizioaren taldeek deitu zituzten, eta aurten deitutako beste biak baino jendetsuagoak izan dira. Aurrekoetan 2,5 milioi lagun batu ziren, eta oraingoan protestari gehiagok oihukatu omen dute han-hemenka 'Dilma kanpora'.
Kasu guztietan, gainera, manifestariek Petrobasen ustelkeria salatu -Gobernua osatzen duen Langileen Alderdiko agintariak daude tartean nahasita- eta ekonomiaren krisiaren kontra egin dute; BPGak % 1,5 egingo du behera aurten, aurreikuspenen arabera.
Brasilgo 150 hiritako herritarrek bat egin zuten manifestazioekin lehen ordutik, ia gehienak berdez eta horiz jantzita; Brasilgo banderaren koloreekin, hain zuzen.
Protestarik handiena Sao Paulo hirian izan zen, Paulista etorbidean (ekonomiaren eta finantzen bihotza eta oposizioko taldeen gotorlekua). Protestak deitu zituzten taldeak harro agertu dira, jendeak bat egin duelako protestekin, martxoko eta apirileko manifestazioetan ez bezala.
Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidente ohi eta Langileen Alderdiaren sortzailearen kontra ere egin dute prostetetan. Manifestarietako batzuek Da Silva irudikatzen zuten panpinak zeramatzaten, preso jantzita, eta "Petrobasen ustelkeriaren buru" zioten pankartak eskuetan.