Mundua -
Istripua Txinan
700 tona sodio zianuro daude Tianjinen, ezbeharraren gunean
Osasunerako oso arriskutsua da. 114 lagun hil dira eta 70 desagertuta daude, asteazkenean produktu kimikoen biltegi batean izandako leherketen ondorioz.
Agentziak | Erredakzioa
Asteazkenean bi leherketa handi izan ziren gunean, Tianjinen (Txina iparraldean), 700 tona sodio zianuro atzeman dituztela iragarri du Zhang Tingkun hiri honetako alkateak. 100.000 metro koadroko azaleran substantzia kimiko asko daude barreiatuta, sodio zianuroa besteak beste, eta osasunerako oso arriskutsuak dira.
Xinhua Txinako albiste agentzia ofizialaren arabera, itsas garraiorako 18.000 edukiontzi kaltetu ziren leherketetan, eta 1.800 tona gai toxiko daude bertan, agintariek aitortu dutenez.
Hala, herritarren artean kezka handia dago, produktu oso arriskutsuak baitira.
Azken balantzearen arabera, 114 lagun hil dira, 70 desagertuta daude eta 698 pertsona zauritu dira (horietatik 57 oso larri daude) ezbeharraren ondorioz, Gong Jiansheng Tianjingo Gobernuaren bozeramailearen esanetan.
Azken orduetan leherketa eta sute gehiago izan dira gune berean, eta, ondorioz, erreskate zerbitzuek zailtasun handiak dituzte inguruan egon litezkeen gorpuak ateratzeko.
Txinako Armadaren kimikari talde batek gunearen aire kalitatea neurtu du eta "normala" ei da, Xinhua agentziaren arabera.
Auzitegi Gorenak ikerketa abiatu du, leherketa horiek zer dela eta gertatu diren argitzeko, eta agintariek edo enpresaren batek "txarto edo berandu" jokatu ote duten ikertzeko. Izan ere, kontraesanak daude Txinako Gobernuak eta hedabideek zabaldutako informazioen artean.