Mundua -
Hirugarren erreskate programa
Grezian pribatizatutako 14 aireportuak, Alemaniako enpresa baten esku
Fraport taldeak 1.230 milioi euro ordainduko ditu Greziako eskualdeko 14 aireportu kudeatzeagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Greziako Gobernuak Fraport enpresa alemaniarri esleitu dio eskualdeko 14 aireporturen kudeaketa, eta, hala, bukatu egin du orain urtebete abiatutako pribatizazio prozesua. Syriza agintean denetik Gobernuak egindako lehen pribatizazioa da hau.
Fraport taldeak 1.230 milioi euro ordainduko ditu eskualdeko 14 aireportu kudeatzearen truke. Datozen lau urteotan 330 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu du, eta 1.400 milioi euro, datozen 40 urteotan. Besteak beste, Frankurteko aireportua kudeatzen du enpresa alemaniarrak.
Syriza gobernura iritsi zenean pribatizazio prozesu guztiak bertan behera utzi zituen, eta oraindik itxi gabe zeuden guztiak berrikusiko zituela aurreratu zuen.
Hala ere, hirugarren erreskate programarekin, estatuko hainbat aktibo pribatizazio-funts batera transferitzeko konpromisoa hartu zuen Greziak, zorrak ordaindu, bankuak birkapitalizatu eta inbertsioa egiteko. Guztira, 50.000 milioi euroko balioa izango dute aktibo horiek.