Mundua -
Tsiprasen dimisioaren ostean
Syrizaren zatiketaren ondorioz alderdi berria sortu da Grezian
Erreferendumean ezetz bozkatu zutenengana joko dute. Hirugarren erreskateko neurriak ez aplikatzea defendatzen dute, eta ez dute baztertzen drakmara itzultzea.
Agentziak | Erredakzioa
Tsiprasen dimisioaren ostean, litekeena da Grezian hauteskundeak egitea udazkenean; hitzordu horretan, baina, alderdi politiko berri bat egongo da: Herri Batasuna, Syrizaren zatiketaren ondorioz sortu den alderdi berria.
Syrizatik datozen 25 kide daude bertan, eta talde propioa ere sortu dute Parlamentuan. Hala, hirugarren indarra dira bertan.
Panayotis Lafazanis Alexis Tsiprasen Gobernuko Energia ministro ohia da alderdiaren burua, eta hartzekodunekin sinatutako akordioa bertan behera uztea du asmoa.
Beharrezkoa balitz, eurotik ''modu ordenatu'' batean irtetea ez dute baztertzen. Prentsa aurrean egin duen lehen agerraldian, Lafazanisek esan du akordioaren aurrean ''alternatiba errealista'' eskainiko dutela, hori bertan behera uzteko.
Erreferendumean ezetz bozkatu zutenengana joko dutela ere adierazi du. ''Erreferendumaren ezetza ez da umezurtz geratuko'', adierazi du.
Lafazanisek baieztatu duenez, Gobernua osatzeko agindua jasoko balute, hiru eguneko epea agortuko lukete, eta gainerako alderdiekin hitz egingo lukete, Amanecer Dorado salbu.
Demokrazia Berria
Parlamentuko bigarren indar gisa, Vangelis Meimarakis Demokrazia Berria alderdiko presidenteak jaso du jada Gobernua osatzeko mandatua, eta Syrizatik datorren lehen ministroa izango duen exekutiboa osatzeko asmoa agertu du. Proposamen horrek, ordea, aukera gutxi ditu aurrera egiteko, Syrizaren asmoa hauteskundeak egitea baita.
Litekeena da bozak irailaren 20an edo hurrengo astean izatea.