Mundua -
Egipto
Al Jazeerako hiru kazetariri hiru urteko espetxe zigorra ezarri diete
Legez kanpo utzitako Anai Musulmanen inguruko "informazioa faltsutzea eta baimenik gabeko propaganda zabaltzea" leporatu die akusatuei Egiptoko auzitegi batek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Egiptoko auzitegi batek hiru urteko espetxealdia ezarri die Al Yazeera telebista-kate panarabiarreko hiru kazetariri, hala nola, Baher Mohamed egiptoarrari, Mohamed Fahmy kanadarrari eta Peter Greste australiarrari, BBC Erresuma Batuko kateak ezagutzera eman duenez.
2014ko ekainean izandako beste epaiketa batean 10 eta 7 urteko kartzela-zigorra ezarri zieten, erakunde terroristarekin konplizitatea zutelakoan.
Ebazpenaren arabera, akusatuek baimenik gabe lan egin zuten Egipton, ez zuten agintarien erregistroetan izena emanda, baimenik gabeko komunikabide baterako lan egiten zuten, ezkutuan grabaketak egiteko materiala sartu, eta baimenik gabe hotel batetik igorri.
Ebazpena jakinarazi ostean, indar armatuek akusatuak atxiki dituzte.
"Atsekabetuta. Suminduta. Haserretuta. Horietako hitz batek ere ezin du adierazi nola sentitzen naizen. Hiru urteko espetxealdi horiek zeharo bidegabeak dira", esan du Grestek Twitterren bidez, ebazpena ezagutu bezain laster.
Legez kanpo utzitako Anai Musulmanen inguruko "informazioa faltsutzea eta baimenik gabeko propaganda zabaltzea" leporatu diete akusatuei. Kazetaritza munduko hainbat erakundek salatu dute auzi hori, Al Jazeera telebista-kateak berak ere.
"Gaurko ebazpenak ez du zentzurik ezta logikarik ere", adierazi du Mostefa Suag Al Jazeerako jarduneko zuzendariak. "Baher Mohamed eta Mohamed Fahmy gure lankideek espetxera itzuli beharko dute, eta Peter Greste ere kondenatu dute, nahiz eta epaiketan ez egon. Auzi osoa politizatu dute, eta ez da askea ezta bidezkoa izan", gaineratu du.
Nazioarteko hainbat taldek salatu arren, Egiptoko agintarien esanetan, Egipton ez daude adierazpen askatasunarekin lotutako delituengatik atxilotutako kazetaririk.
Epaituek ebazpenaren aurkako helegitea jarri dezakete Kasazio Auzitegian. Izan ere, auzitegi horrek aurreko ebazpena baliogabetu zuen.