Mundua -

Bilera Parisen

Trenetako kontrolak zorroztea adostu dute Europako 9 herrialdek

Bidaiariak eta horien ekipajeak identifikatzeko kontrolak zorroztuko dira ibilbide luzeko trenetan. Halaber, herrialde ezberdinetako polizien arteko patruila mixtoak indartuko dira.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako bederatzi herrialdetako Barne eta Garraio ministroek tren geltokietako kontrol neurriak zorroztea adostu dute larunbat arratsaldean Parisen egindako goi-bileran; zehazki, bidaiariak eta horien ekipajeak identifikatzeko kontrolak zorroztuko dira ibilbide luzeko trenetan. Halaber, herrialde ezberdinetako polizien arteko patruila mistoak indartuko dira.

Horrela erabaki dute, Frantziak deituta, Frantzia, Espainia, Alemania, Erresuma Batua, Belgika, Herbehereak, Luxenburgo, Italia eta Suitza herrialdetako Barne eta Garraio ministroek Parisen egin duten bileran.

Abuztuaren 21ean Amsterdam eta Paris arteko bidea egiten ari zen trenaren kontrako erasoak agerian utzi zuen tren geltokietako kontrolen lausotasuna.

Ustezko erasotzailea, Ayub el Khazzani 26 urteko marokoarra, Bruselako Midi geltokian igo zen trenera kuterra, pistola bat eta AK-47 fusila gainean zituela. Hiru lagun zauritu zituen, harik eta treneko bidaiariek erasotzailea geldiaraztea lortu zuten arte. Espainia eta Belgikako zerbitzu sekretuek el Khazzani ezagutzen zuten haren joera erradikalengatik.

Mugetako zirkulazioaren arintasuna bermatu

"Gure herritarrentzako mehatxua izan daitezkeen lagunak antzemateko gaitasuna eta eraginkortasuna areagotu behar ditugu, eta horretarako behar-beharrezkoa da ibilbide batzuetan operazio koordinatuak eta aldiberekoak egitea", esan dute bederatzi herrialdek Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak irakurritako ohar baten bidez. Horrek azpimarratu duenez, Europako herrialdeen arteko "lankidetza operatiboa indartu" behar da.

Cazenuevek azaldu duenez, Schengen Mugen Kodeak barne mugak ezabatu zituen, eta osorik aplikartu behar da, kanpoko mugetan bereziki. Gainera, muga-guneak ez dituzten herrialdeek bidaiariak kontrolatzen jarraituko dute, "komuneko arrisku-zantzuei erreparatuta, eta mugetako zirkulazioaren arintasuna, segurtasun neurriak eta funtsezko askatasunak errespetatuta".

Bestalde, distantzia luzeko trenetan billete txartel nominatiboak ezartzeak izango lituzkeen ondorioak aztertzeko konpromisoa hartu dute. Halaber, tren geltokietako poliziek "beharrezko datu baseak" kontsultatzeko baimena izatearen aukera aztertuko dutela azpimarratu dute.

Azkenik, Europar Batasuneko herrialdeen arteko lankidetza handiagoa bultzatzeko aukerak mahai gainean jartzeko eskatu diote Europako Batzordeari.

Lankidetza inteligentzia arloan

Inteligentzia arloari dagokionez, terrorismoaren aurka borrokatzeko lankidetza estua izango dutela berretsi dute herrialdek. Edonola ere, argi utzi dute segurtasun nazionala herrialde bakoitzari dagokiola. Gainera, Europolek, Eurojustek eta Frontexek eskainitako baliabideak erabiliko dituztela iragarri dute.

Bestalde, bederatzi herrialdek azpimarratu dutenez, "premiazkoa da" bidaiarien erregistro europarra sortzea, eta jihadistak izan daitezkeen lagunen izen-abizenak Schengen informazioa partekatzeko sisteman "sistematikoki" sartzea.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia argazkiak