Mundua -
Immigrazioa
Espetxera, 71 etorkinen heriotzagatik atxilotutako lau lagunak
Hungariako Fiskaltzak hilabeteko espetxealdia ezarri die hiru bulgariarrei eta afganiar bati. Halaber, larunbatean bosgarren lagun bat atxilotu zuten kasuarekin lotura izan dezakeelakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hungariako Fiskaltzak hilabeteko espetxealdia ezarri die hiru bulgariarrei eta afganiar bati 71 etorkinen heriotzarekin lotura dutelakoan. Errefuxiatuen gorpuak ostegunean aurkitu zituzten Austriako errepide batean abandonatutako kamioi batean.
Dirua irabazteko etorkin-trafikoarekin lotutako delituak eta torturaren larrigarria egotzi diete atxilotuei.
Heriotza horiek nazioarteko sumina piztu dute, eta Ekialde Hurbiletik eta Afrikatik ihes egiten duten milaka lagunen egoera lazgarriaren gaineko kritika areagotu du.
Susmagarriak eskuak lotuta eta ur botila batekin eraman dituzte Hungariako Kecskemet hiriko auzitegiaren aurrera, kamioia hortik abiatu baitzen. Poliziaren indar bereziek atxilotuei eskolta eman diete.
Bosgarren lagun bat atxilotu dute kasuarekin zerikusia izan dezakeelakoan
Hungariako agintariek bosgarren lagun bat atxilotu zuten larunbatean kamioi batean itota hil ziren 71 etorkinekin heriotzarekin lotura duelakoan, bertako Poliziak berri eman duenez.
Atxilotutakoa bulgariarra da eta pertsona-trafikoarekin lotutako delituak leporatzen dizkiote.