Mundua -

Migrazio krisia

Austriak neurriak iragarri ditu pertsonen trafikoari aurre egiteko

Gobernuak berehala hartuko omen ditu neurriak, "trafikatzaileek gero eta ardura gutxiagorekin" jokatzen dutelako.

Austriak kontrolak jarri ditu pertsonen trafikatzaileak harrapatzeko

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Johanna Mikl-Leitner Austriako Barne ministroaren iragarri duenez, pertsonen trafikoan parte hartzen dutenen kontrako zigorrak gogortu egingo dituzte berehala, eta ibilgailu susmagarriak antzemateko kontrolak indartuko dituzte.

"Trafikatzaile taldeek gero eta ardura gutxiagoz jokatzen dute, eta, hori dela eta, kontrolak indartu behar ditugu", adierazi du Mikl-Leitnerrek prentsaurrekoan.

"Alde batetik, bizitzak salbatu nahi ditugu, eta, bestetik, pertsonen trafikoa galarazi sendotasun handiagoz", gaineratu du ministroak.

Konpromisoa Schengenekin

Ministro austriarraren esanetan, ez dira mugako kontrolak aregotuko, baina neurri polizialak indartuko dira muga inguruko eskualdeetan errefuxiatuak eraman ditzaketen ibilgailuak aurkitzeko.

"Ez dira mugako kontrolak, segurtasun neurriak indartzea baizik. Hala, Schengen eremuaren konpromiso guztiei eusten diegu", esan du Mikl-Leitnerrek.

Era berean, legedia aldatzeko lanean ari omen dira, gizakiekin trafikatzen duten taldeen kontrako zigorrak handitzeko.

71 hildako

Ostegunean kamioi batean hilda 71 pertsona eta larunbatean furgoneta batean 26 errefuxiatu (horietako hiru larri) aurkitu ondoren iragarri dituzte neurriak.

"Aurreko ostegunean ikusi genuen pertsonen trafikoa egiten duten taldeek ez dutela ardurarik", azpimarratu du Mikl-Leitnerrek.

Austriako Poliziak 1.350 agente eta hainbat helikoptero bideratuko ditu ibilgailu susmagarriak antzemateko.

Operazioa

Operazioa atzo hasi zen, 19:00etan, eta oraingoz ez dute jakinarazi noiz arte egongo den martxan.

Konrad Kogler Segurtasun Publikoko zuzendari nagusiak esan du azken bost hilabeteotan nabarmen hazi dela gizakien trafikoa. "Iaz 270 trafikatzaile atxilotu zituzten, eta 2015ean dagoeneko 700 atxilotu dituzte", azaldu du Koglerrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Austria