Mundua -
Migrazio krisia
Greziara zihoazen hamaika errefuxiatu hil dira, itota
Azken orduotan, 4.200 errefuxiatu heldu dira Atenasko Pireo portura, Gobernuak Egeo itsasoko uharteetatik kontinentera burutzen ari den lekualdaketa operazioan.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez hamaika errefuxiatu hil dira, itota, Turkiako hego-ekialdetik Greziako Kos uhartera egiten ari ziren ibilbidean, Dogan Turkiako albiste agentziaren arabera.
Ontzietako bat Akyarlar eskualdetik irten da, 16 errefuxiatu zeramatzala, baina bidean urperatu egin da eta zazpi pertsona hil dira. Beste lau errefuxiatu bizirik erreskatatu dituzte, eta kostazainak gainerako bost lagunen bila dabiltza.
Bestalde, ibilbide bera egiten ari ziren beste sei siriarren ontzia ere urperatu da azken orduotan, eta hiru haur eta emakume bat hil dira. Gainerako biak bizirik erreskatatu dituzte, salbamendu-jaka jantzita zutelako.
Errefuxiatuen lekualdaketa operazioa
Eta Egeo itsasoko uharteetatik kontinentera burutzen ari den lekualdaketa operazioan, 4.200 errefuxiatu Atenaseko Pireo portura heldu dira azken orduetan, bi ferrytan.
Ferryetako bat astearte gau partean heldu zen Lesbos uhartetik Atenasera, 1.749 errefuxiaturekin, eta bigarrena, asteazken goizean heldu da, 2.459 errefuxiaturekin.
Prokopis Pavlópulos Greziako presidentea François Hollande Frantziako presidentearekin hitz egin du telefonoz, eta egoeraren berri eman dio. Greziako agintariak errefuxiatuen joan-etorriaren egoera larriaren informazioa eman dio Hollanderi.
Balantzea
Urte hasi zenetik, 180.000 errefuxiatu heldu dira Greziara, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziaren arabera.
Gehien bat, errefuxiatuak Kos, Kálimnos, Leros, Samos, Jíos eta Lesvos uharteetara iristen ari dira, batez ere, ontzi pneumatikoetan eta bestelako ontzi txikietan.