Mundua -
Ustelkeria politikoa
Guatemalako presidenteak dimititu egin du, ustelkeriagatik
Guatemalaren historian forua galdu duen lehen presidentea, Otto Pérez Molina, 'La Linea' aduanen inguruko ustelkeria sarean nahasi dute.
Agentziak | Erredakzioa
Ustelkeriagatik salaketa jaso eta gero, Otto Pérez Molina Guatemalako presidenteak uko egin dio bere karguari, 'Exekutiboaren instituzionaltasuna babesteko', iturri ofizial batek jakitera eman dutenez.
Perez Molina Guatemalaren historian forua galdu duen lehen presidentea da, 'La Linea' aduanen inguruko ustelkeria sarean nahasi dute, eta hura atxilotzeko agindua dago indarrean asteazkenetik.
Hauteskunde orokorrak egiteko lau egun faltan, Presidentetzarako hautagaiak ohiko mitinak egiten ari dira egunotan, eta ez dago batere argi zein izango den orain arte presidente izan denaren etorkizuna.
Presidenteak asteartean galdu zuen immunitate parlamentarioa, diputatu guztiek aho batez erabakita, abuztuaren 21ean Guatemalako Ministerio Publikoak eta Inpunitatearen Aurkako Nazioarteko Batzordeak ustelkeria egotzi ondoren.
18 hilabetetik gora iraun zuen ikerketari esker ondorioztatu zutenez, Guatemalako presidenteak legez kanpoko sarte bat zuzentzen omen zuen Zerga Administrazioaren Superintendentzian, 28 pertsonaren laguntzarekin, Roxana Baldetti presidenteorde ohia (2012-2015) tartean. Abuztuaren 21etik dago azken hori kartzelan.
Presidentetzaren bozeramailearen arabera, Perez Molinak erabaki zaila hartu zuen, baina presidenteak errugabea dela berretsi du.